Oscar Alvarez historialariak esklabutzari buruzko hitzaldia eskaini die Eibarko ikasleei

2023/04/11 eta kitto!
Oscar Alvarez Gila historialariak bi hitzaldi eskaini zituen martxoan, Eibarko DBH 4. mailako eta Batxilergoko ikasleen aurrean, esklabutzaren inguruan. Udalak Ego Ibarra Batzordearen laguntzarekin antolatutako ekimen honetan, Alvarez baieztatu zuen Eibarren kaleetan esklabuak ibili zirela.

Alvarezek Martin Lopez de Isasi eibartarraren kasua aipatu zuen hitzaldian. Lopez de Isasi merkataria zen eta bere familiak burdinaren salerosketan hartu zuen parte. XVI. mendean, Sevillan, Amerikarako merkataritza kontuetan hasi zen eta, esklabuen salerosketan negozioa zegoela ikusi zuenean, bertan sartu zen beste lankide eibartar eta euskaldun batzuekin batera.

Lopez de Isasiren kasuaz gain, Alvarezek Afrikan jaio eta umetan Amerikara eraman zuten emakumearen kasua ere azaldu zuen. Han eibartar batentzat hasi zen lanean, baina eibartarrak herrimina sentitu eta herrira itzuli zen; etorri zenean, emakumea ekarri zuen eta, horrekin batera, mutiltxo mulatoa. XVII. mendeko esklabuen errolda baten agertzen dira, baina izen barik. Emakumeak ez zuen herrimina izateko eskubiderik; inoiz ezin izan zen bere herrira itzuli.