Bihar egingo zaio harrera pentsiodunen bizikleta martxari, 11:00etan anbulatorio

Bihar egingo zaio harrera pentsiodunen bizikleta martxari, 11:00etan anbulatorio
2022/06/13 eta kitto!
Gaur abiatu da Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu eta Euskal Herriari bira emango dion bizikleta martxa, “1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoak eta zaintza lana partekatzea” aldarrikatzeko. Ekainaren 25ean amaituko den bizikleta martxa bere bigarren egunean, bihar ailegatuko da Eibarrera. Goizeko 11:00etan Azitainetik sartuko da eta, herriko kaleak zeharkatu eta gero, Toribio Etxebarria kalean, anbulatorio parean egingo diote harrera Eibarko pentsiodunek. Jarraian, denak elkarrekin Untzagaraino joango dira eta bertan, jubilatuen aldean, komunikatua irakurri eta txistorra-jana egingo dute. Ondoren, Elgoibarrera joango dira, han bazkaldu eta etapa Ondarroan amaitzeko. Eibarko Pentsionista Taldeak gogorarazi duenez, lau urte baino gehiago daramatzate astero Euskal Herriko 70 herri baino gehiagotan mobilizatzen, “pentsio publiko eta duinen alde”.