Bihar, martxoaren 4an, egingo da bigarren bilera irekia Ipuruako merkatu plazan

Bihar, martxoaren 4an, egingo da bigarren bilera irekia Ipuruako merkatu plazan
2020/03/03 eta kitto!
Ipuruako merkatu plaza auzokoentzako elkargune bihurtzeko parte-hartze prozesua hasita dago eta, lehenengo saioa eta gero, bigarren bilera irekia bihar, martxoaren 4an egingo dute, 18.00etatik 20:00etara, plazan bertan.  51 lagunek hartu zuten parte auzokoek deituta egin zen lehenengo saioan eta bertan prozesuaren inguruko azalpenak eman zituzten. Horrekin batera, eraikinaren erabilerarako ideiak bota zituen jendeak eta ideia horiek espazioan antolatzeko lehen ahalegina egin zen. Bilerara joandakoen artean proiektuaren inguruko hausnarketak partekatzeko tartea ere egon zen. Arduradunek azaldutakoaren arabera, biharko bileran proiektuari lotutako aukeren bideragarritasuna aztertu eta erabakiko dittue, antolaketari eta kudeaketari buruz hausnartuko dute eta kudeaketari buruzko lehen zirriborroa ere egingo da. Parte hartzeko prozesua denez, saioak nahi duten guztientzako zabalik egiten dira eta denera hiru bilera egitea pentsatzen dute (hirugarren saiorako eguna zehazteke dago), baina gehiagorako beharra dagoela ikusiz gero, laugarren bilera bat egiteko prest daudela esan dute.

EMUN aholkularitza-enpresako profesionalek —Eibarko Udalak prozesua dinamizatzeko kontratatuak— hasiera emango diote biharko saioari, lehenengo bileran gertatutakoaren laburpena eginez. Ondoren, espazioaren antolaketari eta filosofiari buruzko galderak egingo dituzte. Jarraian, lan-taldeak egingo dira, proiektuan duten interesaren edo inplikazio-mailaren arabera, merkatuaren antolaketa-eredua definitzen hasteko. Amaieran, talde bakoitzean landutakoa aurkeztuko da.

Lehen bilerako akta, jarduera proposamenak eta eraikinaren planoak lotura honetan ikusgai dituzue: https://www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik/parte-hartzea/parte-hartze-prozesuak/ipuruako-merkatu-plazaren-eraikinaren-prozesu-parte-hartzailea/lehen-saio-irekia-2020-02-05

Ipuruako merkatu plaza lehen saioa2 Lehenengo bilera irekiko argazkiaLehen