Bihartik aurrera "covid pasaporteak" emango ditu Osakidetzak

Bihartik aurrera "covid pasaporteak" emango ditu Osakidetzak
2021/06/08 eta kitto!
Sinadura elektronikoaren bitartez baino ezingo da eskatu pasaportea, Osakidetzaren webgunean. Euskadiko herritarrek bihartik aurrera izapidetu ahal izango dituzte covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutela edo gaixotasuna igaro dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak, biak ala biak oraingoz sinadura digitaleko prozesu baten bidez.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren asteroko bileraren osteko prentsaurrekoan aurreratu duenez, Osakidetzaren webguneak baimena emango du asteazken honetatik aurrera ziurtagiri horiek lortzeko, Europar Batasuneko herrialdeetara bidaiatzeko, aurtengo uztailaren 1etik aurrera.

Sagarduik azaldu duenez, oraingoz sinadura digitalaren bidez bakarrik egin ahal izango da izapide hori, baina Osakidetza prozedura "irisgarriagoak" eskaintzeko lanean ari da. Webgunean bihar argitaratuko da, halaber, agiri horiei buruzko informazio guztia. Osasun sailburuak gogorarazi duenez, "ez da osasun ziurtagiri bat, bidaiatzeko baldintza batzuk betetzen direla ezartzen duen pasaporte berde bat baizik".