Bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak bizitzak salbatzen dituela gogorarazi du Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak

Bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak bizitzak salbatzen dituela gogorarazi du Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak
2020/10/15 eta kitto!
Bihar Bihotz Geldialdiaren Nazioarteko Eguna izango dela eta, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialetik (COEGI) bihotz geldialdi baten aurrean jarduteko oinarrizko jarraibideak helarazi nahi dizkie herritarrei eta, bide batez, gizartea kontzientziatu nahi dute oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak ezagutzearen garrantziaz. Izan ere, gogorarazi dutenez, bihotz geldialdia duen pertsona batek, ez badu bihotz-biriketako bizkortze maniobrarik jasotzen, gutxi gorabehera bizirauteko aukeren %10 galtzen ditu minutuko. Gauzak horrela, “azkar eta ongi jarduteak bizitzak salbatzen ditu”, azpimarratu dute. Horrekin batera, COVID-19aren eraginez nazioarteko gomendioetan egindako aldaketen inguruko informazioa zabaldu nahi dute herritarren artean. Aldaketa horiek, batez ere, eszenaren segurtasunari dagozkio, baita arnasketaren balorazioari eta erreskateko aireztapen jarduerari ere.

Ildo horretan, Larrialdietako erizaina den David Martinek gogorarazi ditu zeintzuk diren herritar batek bihotz geldialdi batean jarraitu beharreko pausoak, eta Zarauzko lankideekin batera bideo honetan laburbildu ditu jarraibideak, edozeinek erraz ulertzeko moduan:

https://youtu.be/JfZRPFlLJxU