[BIZI DEBABARRENA] Ermua: Untzamako gaina, Igor Astarloaren eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Ermua: Untzamako gaina, Igor Astarloaren eskutik
2022/08/19 09:01
eta kitto!
Igor Astarloak (Ermua, 1976) 2009an utzi zuen txirrindularitza profesionala, lortutako garaipenei esker kirol horretan erreferente bihurtuta. Garaipen horien artean Munduko Errepideko Txirrindularitza Txapelketa nabarmentzen da, 2003an eskuratu zuena Hamiltonen (Kanada). Garai hartan Untzama ingurura joaten zen Igor sarritan, eta gaur ere, bere lekurik kuttunenen artean dago mendi hura. Ermuko Santa Ana auzotik abiatu behar da bertara joateko, Abeletxe baserria igaro, eta maldan gora jarraitu lautada batera heldu arte, ezkerretarako bihurgunea hartu baino lehen. Handik, zuzen joanda, Untzamako mugarrira heltzen da, Ermua, Eibar eta Zaldibarrek bat egiten duten tokia adierazten duen triangelu-formako harrira, alegia.

"Lasterketa aurreko egunetan, goizetan entrenatu, eta arratsaldetan Untzamara joaten nintzen. Denbora asko igarotzen nuen bertan dagoen harrian eserita, lasai, pentsatzen, meditatzen-edo". Izan ere, ermuarraren iritziz, Ermua inguruko txokorik politena da hau, Sallabente gainetik Ermuko hainbat auzo ikusten direlako, Oiz mendia, Egoarbitza... "Paseotxo bat da, gogorra, hasieratik maldan gora joan behar delako, baina ederra!". Paisaia ikusi eta gero kirola egiten jarraitu nahi dutenak Elorretaraino joan daitezke: "Orain dela gutxira arte jarraitu dut bertara joaten. Txikitako oroitzapen politak dakarzkit, bertan zegoen tabernaraino joaten bainintzen askotan".

Azken bi urteetan Mutrikun bizi den arren, Astarloak ondo gogoratzen ditu inguruko ibilbideak, oinez, korrika, zein bizikleta gainean egitekoak. Negurako, esaterako, Errekaldetik gora doan bidea egitea gomendatzen du, Berano auzoa, Trabaku, Osma eta Areitio zeharkatuta Ermura bueltatzen dena.

 

Distantzia: 700 metro.

Zailtasuna: Erraza.

lInteres puntuak: Ermuko auzoak, Oiz eta Egoarbitza mendien begiratokia.

ERMUA_igor_astarloa