[BIZI DEBABARRENA] Mallabia: Trabakutik Trabakura, Karmele Gisasolaren eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Mallabia: Trabakutik Trabakura, Karmele Gisasolaren eskutik
2022/08/26 eta kitto!
Mallabikoa den arren, duela urte gutxi aurkitu zuen Karmele Gisasola (Mallabia, 1994) herri-kirolariak Trabakun hasi eta bukatzen den mendi buelta hau, eta ordutik, hainbatetan egin du. Trabakun Ermurako bidea hartu behar da, eta Donai baserriaren parean porlanezko aldapan gora egin behar da. "Atzealdean Oiz mendia izango dugu, eta eskumatara Mallabiko auzo ezberdinak eta Anboto", azaldu du. Aldapa hura bukatutakoan, ezkerretara dagoen baso pista zabalenetik jo beharko da, Asuntzako bidegurutzeraino. Bertatik Markina-Xemeinera, Urkora edo Mallabiko Berano Txiki auzora jaitsi daiteke, eta Gisasolak azken bide hau hartu ohi du, Berano Nagusirako norabidean. Auzo horretako ermitara heldu baino lehen, Egia baserriaren atzeko pista hartu eta lehengo bidegurutzera helduko gara. Eta hortik Trabakura berriro ere.

Hiru orduko bide hau oinez, bizikletaz edo motoz egin daiteke, eta Karmeleren esanetan, mendiaz, basoko giroaz eta auzo txikiek duten xarmaz gozatzeko aukera ematen du. "Konfi namendura arte ez nekien pista hauek zeudenik, ezta haien artean lotura egiteko aukera zegoenik ere, eta ziur nago beste herritar askok ere ez dutela honen berri izango".

Karmele Gisasola Euskal Herriko txapelduna da harri-jasotzen, ingudean eta banakako pentatloian, eta sasoian daudenei, bide horretatik Mendibil eta Urko mendietara igotzeko gonbita egin die. Inguru horretan dago Arteta ermita ere: "Hamaika istorio entzun ditugu ermita honen inguruan, gure arbasoek festa egiten zutelako bertan. Hala ere, gaur egun horma batzuk baino ez dira geratzen".

 

Iraupena: Hiru ordu inguru.

Zailtasuna: Ertaina.

Nabarmentzekoa: Porlanezko bideak mendi ibilbideekin tartekatzen dira, eta kotxeen zarata mendiaren isiltasunarekin. Horrez gain, Oiz eta Anboto mendiak bertatik bertara ikus daitezke.

MALL_karmele_gisasola