Bizikletak protagonista datorren astean

Bizikletak protagonista datorren astean
2018/09/14 08:48
eta kitto!
Bizikletek toki berezia daukate Eibarko historian. Munduan aski ezagunak diren hainbat bizikleta ekoizle gure herrian jaio ziren eta txirrindularitza pasio handiz bizi da hemen. Hala ere, herrian mugitzeko orduan bizikleta ez da eibartarron garraiobide nagusia. Dena den, datorren astean bizikletek zeresana emango dute Eibarren, garraiobide honek gure egunerokotasunean presentzia handiagoa izan dezakela aldarrikatu nahi delako.

 

‘Konbina ezazu eta mugi zaitez!’ da 2018ko Mugikortasunaren Europako Asteko goiburua eta hainbat ekintza egingo dira hilaren 16tik 22ra. Bizikleta protagonista izango da aste osoan zehar eta Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Bizikleta Egunak emango dio hasiera programari. Domekan 09:30ean egingo den mountain bike eta zikloturista martxekin hasiko da Bizikleta Eguna eta, gero, bi zirkuitu egingo dira 8-10 urte bitartekoentzat eta 11-12 urte bitartekoentzat 11:30ean eta 11:45ean, hurrenez hurren. Egunari amaiera emateko gaztetxoentzako ibilbidea egingo da Untzagan 12:00etan.

Irailaren 19an, eguaztena, ‘Mugikortasun jasangarriaren sustapena Gipuzkoan’ izeneko hitzaldia eskainiko da 18:30etik 19:30era Portalean; eta hurrengo egunean mugikortasun jasangarriaren martxa egingo da 10:00etatik 12:00etara IES UNI Eibar-Ermuatik.

Barixakua eta zapatua, hilaren 21a eta 22a, ekintzaz beteta datoz. Barixaku arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, txikientzako bide-segurtasuneko zirkuitua eta eko-bike tailerra egongo dira Untzagan, eta antolatzaileek bizikleta elektriko bat utziko dute probatzeko. Zapatuan, ordea, goizaldean egingo dira ekintza guztiak, 10:00etatik 14:00etara hain zuzen ere. Autorik gabeko eguna izango da eta, laguntzeko, Udalbusa dohainik erabiltzeko aukera egongo da. Bestetik, bigarren eskuko azoka eta bizikletak konpontzeko tailerra egongo dira Untzagan. Gainera, aurreko egunean bezala, antolatzaileek bizikleta elektriko bat utziko dute baita ere.

Bigarren eskuko azokari dagokionez, erabilitako bizikletak eta mugikortasun iraunkorrarekin lotutako objektuak (patinak, patineteak, trizikloak...) berrerabiltzea da helburua eta herritar guztiek hartu ahal izango dute parte gordailu-sistema bidezko salerosketa merkatu honetan. Bere bizikleta saldu nahi duenak 09:00etatik 10:00etara txirrindua eraman beharko du Untzagara eta gordailu-zerbitzuan erregistratuko du nahi duen prezioarekin. Produktu bat baino gehiago eraman ahal izango da eta antolakuntzakoak arduratuko dira produktuak zaindu eta saltzeaz. Gero, bere produktuak salgai jarri dutenak 14:00etan bueltatu beharko dira saldutakoaren dirua jasotzera edo utzitakoa batzera. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da onartuko 400 euro baino prezio garestiagorik.

 

Bizikleten erakusketa museoan

Bizikletek Eibarko historian izan duten garrantziaren erakusle izango dira irailaren 22tik urriaren 21era Armagintza Museoan erakusgai egongo diren txirrinduak. 60. eta 90. hamarkada arteko 14 bizikleta egongo dira ikusgai; Abelux, BH, Cil Orbea, GAC eta Torrot markakoak, eta baita Eibarko lantegi auxiliarrek egindako bizikleten osagai batzuk ere (pinoiak, kateak, txirrinak, etab.). Umeek zein gazteek erabiltzeko, lasterketetarako, ibilaldiak egiteko... erabiltzen ziren bizikletak dira eta, Carlos Narbaizak jaso eta berritu eta gero, museoaren esku daude gaur egun.

Eibarko bizikletagintzaren erakusketa hasten den egun berean, hilaren 22an, doako bisita gidatuak egingo dira Armagintza Museoan dagoen erakusketa iraunkorra ezagutzeko. Bi bisita egingo dira, bata 17:00etan euskaraz, eta bestea 18:30ean gazteleraz. Bisita gidatua jasotzeko beharrezkoa izango da izena ematea (943 70 84 46 telefonora deituta edo museoa@eibar.eus helbidera idatzita) eta plaza kopurua 20 lagunekoa izango da.