Bizipoza elkarteak boluntarioak bilatzeko kanpaina jarri du martxan

Bizipoza elkarteak boluntarioak bilatzeko kanpaina jarri du martxan
2021/12/23 eta kitto!
Bizipoza 36 elkartez osatuta dago, guztiak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteak, haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteak. Hauek Bizipozaren balore transmisoreak dira, Bizipoza eta bertako kideak baloreetan aberastu eta hezten dituztenak, eta bere oinarrian, noski pertsonak daude. Beraz, elkarteen jarduna aurrera eramateko ezinbestekoa da boluntariotza.

 

Bizipoza elkarteak boluntario kanpaina jarri du martxan. “Bizipoztu zaitez!”, dio kanpainaren goiburuak. Izan ere, laguntza emateaz gain, boluntarioek asko jasotzen dutelako esperientzia horretatik. Entzun bestela Elias Arizmendiren lekukotza Bizipoza elkarteak bere web orriaren eta sare sozialen bitartez zabaldu duen bideoan. “Boluntario moduan hasten zarenean zertan lagundu ahal dezakezun pentsatzen hasten zara eta oso denbora gutxian konturatzen zara ematen duzuna baino askoz gehiago jasotzen duzula”, dio boluntarioak.

Arizmendiren lekukotza ez da bakarra izango. Izan ere, astelehenean hasi zen boluntario kanpaina honetan zortzi bideo zabalduko ditu Bizipozak, zenbait boluntarioren berbak eta esperientziak jasoz. Horrela, hilaren 20koaz gain, 23an, 25ean, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 5ean eta 9an bideo berriak emango dituzte bizipoza.eus/bizipoztu webgunean eta sare sozialen (Facebook, Instagram eta Twitter) bitartez. Bertan, boluntario lana zertan datzan azalduko dute, bakoitzak bere ikuspuntutik.

Iaz hasitako bidetik jarraituko du aurtengo kanpainan Bizipoza elkarteak. “Mota askotako elkarteek osatzen dute Bizipoza, proiektu ezberdinak garatzen ditugu eta, aurrera egiteko, ezinbestekoa da boluntariotza eta auzolana”, esan digu Leire Elizegi Bizipozako kideak. “Beti gabiltza pentsatzen boluntariotza nola sustatu eta iaz bide berri bat hasi genuen, dagoeneko boluntarioak diren lagunen esperientziak kontatuz, lehen pertsonan kontatu dezaten zer den Bizipoza elkartean boluntario izatea. Ondo funtzionatu zuen eta aurren eredua errepikatu dugu”.

 

Elkarteen behar zehatzak

Gauzak zehazte aldera, Bizipozak elkarteen beharrak aztertu eta egin beharreko lanak zeintzuk diren definitu ditu. Kanpainan ikusi dezakegun bezala, bederatzi elkartek behar dituzte laguntza eta webgunean ondo adierazten da zein izango den boluntarioek egin beharreko lana.

Bizipozak Euskal Herri mailan egiten du lan eta elkarteak ere lurralde osoan daude zabalduta. Kasu honetan, hauek dira boluntario bila dabiltzan elkarteak: Aspanif (web orrialdea euskaratzeko itzultzailea; eta desgaitasun-dependentzia arloarekin aholkatzeko abokatua, gizarte-langileak edo gaiari buruz dakiten boluntarioak behar dituzte), Aspanovas (itzultzaile lanak egiteko laguntza behar dute), Beroa (trebetasun desberdinak dituzten begiraleak: magia tailerra, pailazo tailerra, ipuin kontalaria, eta abar; Gipuzkoako Harrera Familien Topaketa antolatzen dutenean 60-80 haur eta nerabe edukitzen dituzte, eta ekintza ezberdinak burutzeko, ondo etortzen zaie laguntza; eta itzulpen lanak egiteko boluntarioak behar dituzte baita ere, urtean pare bat aldiz, dokumentazio asko dutenean, oso lagungarria izaten zaielako), Bihotzez (euskaratze lanak egiteko boluntarioak behar dituzte), Chernobylen Lagunak (urtean bizpahiru hilabetez idazkaritzan laguntzeko pertsona bat), Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa (zapatuetarako, denbora librean parte hartzeko boluntarioak; noizbehinka adimen urritasuna daukaten pertsonei euskarazko klaseak emateko boluntarioak; sare sozialekin laguntzeko boluntarioak, nola kudeatzen diren azaltzeko eta klabeak emateko edota sare sozialak kudeatzen laguntzeko pertsona; eta dokumentuak euskarara itzultzen laguntzeko pertsonak), Bortzirietako Guztiok Taldea (terapietan, aisialdian eta irteeratan laguntzeko pertsonak), Pausoka (Hernanin eta Urnietan dituzten zentroetan dauden konponketa lanak egiteko laguntza behar dute; eta maiatza ingururako prestatzen ari diren Pausoka Egunerako laguntzaileak ongietorriak izango dira) eta Mindara (momentu honetan begirale falta dute, lantaldea berrantolatzen ari dira, eta bi edo hiru begirale behar dituzte).

Boluntario bezala izena emateko interesa izanez gero, hasieran aipatutako webgunean, elkarte bakoitzak dituen beharren ondoan boluntario egiteko estekak aurkitu ditzakezue eta, informazio gehiago behar izanez gero, Bizipozaren webguneko ‘kontaktua’ atalean eurekin harreman jartzeko bideak aurkituko dituzue.

Boluntario kanpaina urtarrilaren 9an amaituko da. Horrela, izena emanez gero, 130 lagunek osatzen duten sarea indartu ahal izango du Bizipozak. Sare konprometitua eta gertukoa. “Elkarren berri izaten saiatzen gara urte osoan zehar eta, ahal izan denean, topaketak egin ditugu”, esan digu Elizegik. Izan ere, pandemiaren ondorioz ezin izan dituzte horrelako ekintzak egin, baina aukera dagoenean ohiko jardunarekin jarraitzeko helburua dute, gogo handiarekin gainera.

 

Euskararen garrantzia boluntariotzan

Zerrendan ikusi daitekeen bezala, elkarte bakoitzak behar jakin bat du eta batzuetan boluntario izateko gai zehatz batean nolabaiteko jakintza behar da, “baina boluntario izateko ezinbestekoa da laguntzeko eta emateko gogoa edukitzea, eta baita jasotzeko ere”, azpimarratu digu Elizegik. “Horretarako, garrantzitsua da Bizipozaren baloreekin bat egitea: elkartasuna, maitasuna, aniztasuna, euskara…”, gehitzen du.

Euskarak berebiziko garrantzia du Bizipoza osatzen duten elkarteen barruan. “Euskaratik eta euskaraz egiten dugu lan, hizkuntzak batzen gaituelako”, diote elkartetik. “Egunero borrokan dagoen hizkuntza da eta enpatia handia sortzen da hor. Polita da elkarteek euskara euren bidelagun dela sentitzea”, euren ustez. Hala ere, ez dute EGA edo bestelako titulurik eskatuko boluntario izateko, euskara erabiltzea eta euskararen aldeko jarrera edukitzea nahikoa da.