Bizipoza elkartearen 'Mundu berri bat guztiontzat' ekimenean hartu dute parte Aitor Gorosabel eta Miren Narbaizak

Bizipoza elkartearen 'Mundu berri bat guztiontzat' ekimenean hartu dute parte Aitor Gorosabel eta Miren Narbaizak
2021/03/07 eta kitto!
Bizipoza elkarteak ‘Mundu berri bat guztiontzat’ egitasmoa jarri du martxan, kantu eta bideoklip bitartez Bizipoza osatzen duten elkarteekin eta 34 euskal kultur sortzaileekin egindako lana. Aitor Gorosabel eta Miren Narbaiza musikari eibartarrek ere ekimenean parte hartu dute, ‘Oporrak bakean’ programakoekin ‘Aukerak eta zu’ abestia grabatuz. Kantu guztien bideoklipak eta letrak bizipoza.eus-en daude ikusgai ‘kantu eta bideoklipak’ atalean.

 

Gaur egun 35 elkartek osatzen dute Bizipoza. Elkarte bakoitza gai batean zentratzen da eta gaiak anitzak dira, baina badute zerbait amankomunean. “Gauza bi aipatzearren, denek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, eta oraindik hainbat eskubide bermatu gabe dituzten haur eta familiek osatutako elkarteak dira”, azaldu digu Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak.

Elkarte bakoitzak bere aldetik eta bakarka lan eginez duten indar txikiaz jabeturik, Bizipozan batu dira indar gehiagorekin jarduteko eta oihartzun handiagoa izateko. “Bizipozaren helburuak errealitate guzti hauek gizarteratzea, sentsibilizatzea eta, era berean, elkarrekin, aldarrikapenarekin eta alaitasunez guztiontzako beharko lukeen herri inklusiboa eraikitzea dira”, koordinatzailearen berbetan. Gainera, guzti hori euskaratik eta euskaraz egiten dute.

 

Mundu berri bat guztiontzat

Bizipozak hainbat egitasmo burutzen ditu urtean zehar eta ‘Mundu berri bat guztiontzat’ ekimena da horren adibide. “Iniziatiba hau orain eman dugu jakitera, baina proiektu baten baitan landu dugu. Adibidez, elkarteekin Irrien Lagunak-en argitaratzen diren komikiak egiten hasi ginen, horiek ikus-entzunezko bihurtzen, jardunaldiak egiten ditugu urtean zehar, Bizipozaren Jaia ospatuko dugu laster Bergaran…”, azaldu digu Elizegik. Orain dela bi urte Bizipozaren dokumentala eta dokuweba sortu zituzten, eta bizipoza.eus-eko dokuweb atalean (multimediaren barruan) elkarte bakoitzaren bideo labur bat aurkitu daiteke.

‘Mundu berri bat guztiontzat’ ekimenarekin Bizipozak kantuak eta irudiak baliatu ditu helburuak lortzeko bidean, elkarte bakoitzaren errealitateak eta baloreak transmitituz. Ekimena 34 euskal sortzailerekin (Amets eta Maddalen Arzallus; Miren Amuriza, Itziar Ituño, Enrique Villarreal ‘El Drogas’, Yogurinha Borova…) elkarlanean burutu dute eta Elizegirentzat ez da kasualitatea Bizipozaren proposamenak jaso duen harrera ona. “Euskarak Bizipozaren elkarteek dituzten hainbat ezaugarri ditu: izaera bereziko hizkuntza da, egunerokoan borrokan dabil tokia hartzeko… eta ezaugarri horiek enpatia areagotzen dute. Horrela, elkarteek eta kulturgileek egindako elkarlanak arlo guzti horiek indartzen ditu”, bere ustez. “Egunerokoan euskal sortzaileek zerri abesten, sortzen, antzezten edo idazten dioten ikusten dugunean, mundu berri bati begira ari dira. Kulturak indar hori du. Beraz, euskararen, kulturaren eta gai guzti hauen harremana naturala da”.

Abestiekin CD-a eta DVD-a sortu dute eta elkar.eus webgunean, Elkar dendetan eta Berria dendan erosi daitezke. Gainera, Bizipozaren webgunean ere aurkitu daiteke CD eta DVD-ak erosteko esteka.

Momentuz 11 abesti grabatu dituzte, baina Bizipoza osatzen duten 35 elkarteekin abesti bana grabatzea da asmoa. Beraz, hurrengo bi urteetan abesti sorta berriak izango ditugu.

 

Aukerak eta zu

Hainbat urtetan zehar Saharako umeek uda Euskal Herrian pasatzeko aukera izan dute ‘Oporrak bakean’ programari esker, horietako batzuek Eibarren. Orain, pandemiaren ondorioz, ezin izango ditugu gurean jaso, baina Miren Narbaizak eta Aitor Gorosabelek, Aner Euskitzeren letrarekin eta Xabier zabalaren musikarekin, elkarteak egiten duen lanaren berri eman dute ‘Aukerak eta zu’ abestian.

Gorosabelek esan digunez, “elkarlan zoragarria izan da”. Narbaizak eta berak abestia eginda jaso zutela kontatu digu, “gure zeregina kantuari ahotsa jartzea izan da”, eta goiz zoragarria pasatu zuten grabatzen. “Pozik nago oso ondo geratu delako eta, batez ere, proiektu honetan parte hartzeko aukera eman didatelako. Mirestekoa eta txalotzekoa da Bizipoza elkarteak eta Pirritx Porrotx eta Marimototsek gure gizarteari egiten dioten ekarpena”, diosku.

Abestiak kontatzen duenari buruz galdetuta, “Saharako umeak udako oporretan Euskal Herrira ekartzeko eta, bide batez, ume horiek gerratik urruntzeko eta klima aldetik oso gogorra den inguru hartatik ateratzeko deia egiten da. Boluntario egiteko deia hain zuzen ere”, azaldu digu.



Bizipozaren Jaia Bergaran

Urtero Euskal Herriko herri batean ospatzen da Bizipozaren Jaia eta aurten Bergaran egingo dute. “Pandemiak eragindako egoerara moldatu behar izan gara eta martxoa osoan zehar egingo ditugu ekintzak. Hala ere, badaude bi egun klabe: hilaren 13a eta 14a”, esan digu Elizegik.

13an, 18:00etan, kantu eta bideoklipen aurkezpena egingo dute, bertako elkarteetako kideen testigantza zuzenak emango dituzte, musika zuzenean joko dute eta poesia errezitaldia egongo da, besteak beste. 14an, bestetik, ‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots’ pailazoek ikuskizun berezia eskainiko dute 11:30ean. “Ez da euren urteroko ikuskizuna izango, baizik eta elkarte hauek gizarteratzeko eta errealitate horiek ikusarazteko elkarteek eta pailazoek elkarlanean sortutako ikuskizun berezia”, koordinatzaileak kontatu digunez. Bestetik, tribiala sortu dute (fisikoa eta online) eta bazkari birtuala egiteko asmoa dute (plater senegaldar bat egiteko aukera emango dute bideo baten bitartez).

Hilaren 13ko eta 14ko asteburuan eibartarrek Bergarako ekitaldira joateko aukera izango bagenu, herenegun sarrerak salgai jarri zituzten online 13ko ekitaldirako (dohainik izango dira, baina sarrera hartu behar da) eta 14rako (6 eurotan).