Buru osasun arazoak dituztenen isolamendua hausteko kanpaina abiatu dute

Buru osasun arazoak dituztenen isolamendua hausteko kanpaina abiatu dute
2020/10/09 eta kitto!
Urriaren 10ean Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna gogoratzen dela eta, Agifes buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak bat egin du Fedeafesek abian jarritako Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu kanpainarekin. Helburua psikikoki ondoezik daudenek jasan behar izaten duten isolamendua haustea da. Gainera, Agifesek pandemiaren eta gizarte isolamenduaren ondorioz sor daitezkeen buru osasuneko arazoez ohartarazi du. Elkarteko arduradunen ustez, “funtsezkoa da gaur egungo egoeraren ondorio psikologikoei aurre egitea, neurri higieniko-sanitarioek eta sozialek zein ziurgabetasun ekonomikoak eragin nabarmena baitute pertsonengan. Faktore horiek, hain zuzen, antsietate eta depresio sintomak eragin ditzakete”.

Izan ere, elkarteak dituen azken urteotako datuak “nahiko kezkagarriak” dira. Osakidetzaren arabera, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edota depresio sintomak dituzte. Gainera, OMEk jakinarazi du lau pertsonatik batek buru osasuneko arazoa izango duela bizitzan zehar, eta aurreikuspenen arabera, 2030 urterako mota horretako patologiak izango dira ezgaitasun arrazoi nagusietarikoa munduan.



Hain zuzen ere, Hurbilduz programaren bidez, isolatuta edo ia gizarte-sarerik gabe daudenei –depresioa edo buru osasuneko beste arazo batzuk dituztenei– laguntza ematen ari da Agifes. Programa hau 2019. urtearen amaieran jarri zen martxan, eta zerbitzu horiek behar dituzten pertsonak identifikatzea du helburu. Horretarako, hainbat gizarte-eragileren laguntza du Agifesek, hala nola lehen mailako arretako medikuena, larrialdietako teknikariena eta erizainena, baita babesa behar duen pertsonaren inguruko pertsonena ere. Era berean, laguntza behar duen edonor jar daiteke zuzenean Agifesekin harremanetan, 943 47 43 37 telefonora deituz.