[COVID-19] Eibarko Ospitalea, Gipuzkoako egoitzetako nagusientzako babesleku

[COVID-19] Eibarko Ospitalea, Gipuzkoako egoitzetako nagusientzako babesleku
2020/10/02 10:44 eta kitto!
Gipuzkoako nagusien egoitzetan antzematen diren COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zerbitzua du Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ospitalean. Ekainean martxan jarri zutenetik Gipuzkoa osoko 110 paziente pasatu dira bertatik. Zentro soziosanitarioak Aita Menniko lantaldeak kudeatzen dituen bi unitate bereizi eta 48 plaza ditu. Egun, horietako 31 plaza beteta daude.

Eibarko Ospitaleko 3. solairuko gune soziosanitarioa ekainean zabaldu zenean birusak beheranzko bidean jarraitzen zuen Gipuzkoan eta inork ez zuen ospitaleko arretarik behar. Hasierako asteetan Eibarko instalazioak egoiliar berriak isolatzeko erabili ziren, hau da,  egoitzetan lehen aldiz sartzekoak zirenak 14 egunez isolatzeko. Gauzak, baina, egunez egun aldatzen ari dira, eta azken asteetan gauzak konplikatzen joan dira. Irailaren 29an argitaratutako datuen arabera, 46  COVID-19 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean. Horietako 31 Eibarko Ospitaleko gizarte- eta osasun-solairuan artatuak izaten ari dira.

Egoitzetako nagusiak zaintzeko zerbitzua
Bertan lanean diharduen lantaldean bi erizain eibartar aurkitu ditugu: Eva Cobos  eta Aitzane Egidazu. Eva Cobos erizain ikuskatzailea da, eta berak azaldu digunez, "instalazio hauetan printzipioz asintomatikoak edo sintoma gutxi duten erresidentzietako nagusiak artatzen ditugu".

Azken batean, Gipuzkoako egoitzen sarearen barruan unitate erresidentzial bat gehiago da Eibarren jarri dutena. "Nagusi hauek euren egoitzetan egon zitezkeen, baina, egoitzak garbi mantentzeko, birusa duten pertsona horiek hona ekartzea erabaki da", dio Irune Galarraga Aita Menniko erizainen zuzendariak.

Eibar Hospital 001

Egoitzatik Eibarko unitatera etortzen direnean nagusiek PCR frogak egin  berriak izaten dituzte eta, beraz, gehienek ez dute sintomarik edo, izatekotan, oso arinak izaten dituzte. "Baina egun batzuk pasatzen direnean konplikazioak hasten dira. Tratamenduaren zati bat hemen egin dezakegu. Egoitza-unitate bat izanik, gure lan nagusia da konplikazioak garaiz eta ondo identifikatzen jakitea eta, beharrezkoa izanez gero, bakoitzaren erreferentziazko ospitalera bidaltzea edo deribatzea", dio Eva Cobos eibartarrak. Kontuan hartu behar da Gipuzkoa osoko erabiltzaileentzako pentsatuta dagoela Eibarko zerbitzua.

Eibar Hospital 015

Konplikazioak sarritan gertatzen diren galdetu diegu, eta  kasuen %5 eta %10 artean korapilatu egiten direla baieztatu digute. Azken bi asteetan, lau gaixo hil dira bertan. Gaitza konplikatzeaz gain, oso bizitza-kalitate baxua zuten pertsonen kasua da: oso pertsona nagusiak eta pluripatologiekin. "Kasu zehatz hauetan familiekin adostu da trasladorik ez egitea eta zainketa paliatiboak  bertan aplikatzea", dio Evak. Nagusiak bizitzaren amaieran daudenean senideen bisitak izan ditzakete. "Senideek asko eskertzen duten zerbait da", dio Alaitz Salgado gizarte-langileak.

Aita Menniko profesionalek kudeatzen dute Eibarko zentro soziosanitarioa. Irune Galarraga Aita Menniko erizainen zuzendariak ondo ezagutzen ditu Gipuzkoako egoitzak. Izan ere,  Aita Menniko profesionalek banakako eta aurrez aurreko aholkularitza teknikoa eskaini diete Gipuzkoako 65 egoitzei. Berak azaldu digunez, "hilzorian egon diren gaixoek beti izan dute euren senideen konpainia, baita pandemiaren lehen olatuan ere". Hala ere, egia da, COVID-19aren ezaugarriak direla-eta, "batzuetan ez duela denborarik ematen bizitzaren amaieran daudela klinikoki detektatzeko. Gaixotasun honekin pare bat egunetan egoera goitik behera alda daiteke", diote.


Lasaitasun-giroa eta espazio amankomunak

Nagusiak ondo informatuta etortzen diren galdetu diegu eta, zentzu horretan, Aldundiaren, egoitzen eta Eibarko unitatearen arteko koordinazioa ondo egitea oso garrantzitsua dela dio Irune Galarragak: "Bat-batean euren egoitzetatik irten eta leku ezezagun batera etortzen dira, langileak ere ez dituzte ezagutzen, harrera NBE edo norbera babesteko ekipamenduekin jantzita egiten zaie... Garrantzitsua da euren egoitzetan nora eta zertara datozen ondo azaltzea eta baita hemen egiten zaien harrera ere".

Era askotako pazienteak dituztela diote; batzuk kognitiboki oso ondo daude, baina beste batzuk, berriz, dementzia aurreratua dute. Horregatik, garrantzitsuena, "lasaitasun-giroa sortzea da". Izan ere, Eibarko zentroan ez daude isolatuta. Guztiak COVID-19an positibo direnez, espazioak partekatzen dituzte, eta egunero jarduera desberdinak egiteko aukera dute gehienek. "Ez daude bakarrik eta hori oso positiboa da. Euren egoitzetan geratuko balira,  isolatuta egon beharko lirateke", dio  Galarragak. Gehienak egoitzetako nagusiak izan arren, Atzegi-ko eta etxebizitza babestuetako erabiltzaileak ere pasatu dira bertatik.

Alaitz Salgado gizarte-langileak harreman zuzena du nagusien egoitzekin eta senideekin. "Egunero hitz egiten dut egoitzetako ordezkariekin, eta asko hitz egiten dut familiekin ere. Gaixoen eboluzioa azaltzen diet,  eta informazioa asko estimatzen dute".

Sozializazioa eta euren senideekin harremanetan egotea funtsezkotzat jotzen dute. Arratsaldero senideekin harremanetan jartzen dituzte, telefono edo bideokonferentzien bidez. "Senide batek baino gehiagok egoitzara ez bidaltzea eta hemen gelditzea eskatu digu. Hori seinale ona da", gehitu du Alaitzek. Kognitiboki ondo daudenak egoitzetara bueltatzeko desiatzen daude, "gehienbat hemen ezin direlako kalera irten".

15 eguneko egonaldia egiten dute gehienek. "Batzuk zerbait gehiago, negatibizatzea kostatzen ari zaielako", azaldu digu Evak.


110 ospitaleratze ekainaren 1etik

Errotazio handia dago, eta ekainetik 110 ospitaleratze izan dituzte. Dena berria eta oso aldakorra  dela diote. Egun batean 14 sarrera izan zituzten. Lantaldean medikuak, erizainak, gizarte-langilea eta  mantenimenduaz eta garbiketaz arduratzen diren beste bi langile daude. Azken hilabetean  erizaintzako laguntzaile asko gehitu behar izan dira lantaldean, "eta formakuntzako lan handia egin behar izan dugu", dio Irunek.


Lana eta bizitza pertsonala

Pandemia hasi zenetik lana eta bizitza pertsonalaren artean banaketarik ez dagoela sentitzen dute: "Ordu mordoa sartzen ari gara. Telefonoa aldean daramagu beti. Hasieran  (Eibarko zentroa oraindik zabaldu gabe zegoen eta Arrasateko Aita Mennin geunden lanean) kutsatzeko beldur handia genuen. Ez genuen maskararik eta ospitalean egin behar genituen. Oso konplikatua izan da. Orain ditugun babes-ekipoak, ordea, oso onak dira, eta kalean kutsatzeko beldur handiagoa dugu hemen baino", diote.

"Zeozer berria da, inork espero ez zuena. Baina horrek ez du esan nahi inprobisatzen ari garenik. Gauzak modu ordenatuan ari gara egiten. Oso eskertuta gaude gure lantaldearekin, lasaitasun handia ematen digu Eva, Aintzane, Alaitz eta Jon moduko profesionalak gurekin izatea", dio Irune Galarragak.