Debabarrena Turismo Fitur azokan da beste urte batez

Debabarrena Turismo Fitur azokan da beste urte batez
2023/01/19 eta kitto!
Debabarrena eskualdea Madrilgo Fitur Nazioarteko Turismo Azokan da aurten ere. Atzo hasi zen, hilak 18, eta igandera arte irango du turismo arloko ekimenak. Edizio honetan, Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa, betiere, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea –Mutrikuk, Debak (Debabarrena) eta Zumaiak (Urola Kosta) osatua–.

Urtero bezala, Debabarrena eskualdeko ordezkaritza bat Madrilgo azokara gerturatu da: Debako eta Mutrikuko alkateak, Gilen Garcia eta Joseba Palenzuela; Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso; eskualdeko turismo bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba) eta Marta Amonarriz (Mutriku); Juan Angel Balbas, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako zuzendari nagusia, eta Aitziber Cortazar, Debabarrena eskualdeko turismo arduraduna, besteak beste.

Aurten, Debabarrena azokara joango da bere ibilbideen mapa berriarekin. Mapa horrek aukera zabala eskaintzen du mendi-eremuetan egiten diren ibilaldi eta zeharbideetan, kostako begiratoki ikusgarrietan eta interes geologikoko eta kulturaleko guneetan. Liburuxka Debabarrena Turismo (debabarrenaturismo.com) webgunean dago eskuragarri, eta, gainera, Debabarrena turismo wikilock kontu ofizialean kontsultatu eta deskargatu daiteke. Gainera, urteko garai honetarako erakargarri turistiko nagusi gisa, Debabarrenak eskualdeko museoen eskaintza zabala darama Fiturrera.