Debabarreneko gaztarik onenak dastatzeko aukera egongo da bihar Errebal Plazan

Debabarreneko gaztarik onenak dastatzeko aukera egongo da bihar Errebal Plazan
2022/04/22 eta kitto!
Eskualdeko gaztagileek euren produktuak jarriko dituzte salgai bihar, zapatua, 08:30etik 13:00etara, Errebal Plazan. Mota ezberdinetako gaztak dastatzeko aukera egongo da, eskualdean ekoizten diren kalitate handiko produktuen erakusle. Hauek izango dira bertan egongo diren Debabarreneko gazta-ekoizleak: Enrike Gisasola (Sosola baserria, Eibar), Beñat Egaña (Goienetxe baserria, Mutriku), Iñaki Ansola (Mausitxa baserria, Elgoibar), Nagore Martin (Egotza baserria, Soraluze) eta Ruben Markina (Mallegoi baserria, Mallabia).

 

Gaztaren aromak jantziko du bihar Errebal Plaza eta zapore desberdinak dastatzeko aukera egongo da, baserritarren postuen inguruan. Ardiarena, ahuntzarena, behiarena... Hainbat gazta mota ekoizten dira Debabarrenean, baina kontua ez da zapore ezberdinak eskaintzea soilik, baizik eta kalitatezko produktuak eskaintzea.

Hiru dira ardi-gazta ekoizten duten debabarrendarrak: Mutrikuko Goienetxe baserriko Beñat Egaña, Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansola eta Eibarko Sosola baserriko Enrike Gisasola.

Goienetxe gaztandegia Mutrikuko Olatz auzoan dago eta, Beñatekin batera, Maitane emazteak egitendu lan bertan. Beñaten ama, Mila, hasi zen artisau-gazta egiten eta semeak jarraipena eman dio amak hasitako bideari.

Goienetxen 340 ardi dituen ukuilua dute eta, ardiek ematen duten esneari esker, gazta naturala eta ketua egiten dute. Gainera, euren instalazioak eta ekoizpen-prozesuak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dituzte, eta gazta eta tokiko produktuak saltzeko denda dute.

Elgoibarko Mausitxan ere ardi-gazta egiten dute, baina eurenak berezitasun bat du: Idiazabal jatorri izendapena. Mausitxako gaztak bi eta lau hilabete artean ontzen dira, eta osorik eta zirietan saltzen dira, hutsean ontziratuta. Gazta ketua eta naturala egiten dute, sei zapore ezberdin eskainiz.

Urnobitza mendiko hegaletan dago Mausitxa baserria eta, 900 ardiz osatutako artaldeari esker, gazta ekoizteko behar diren bi lehengaiak lortzen dituzte: esnea eta gatzagi naturala. Ansola familiak belaunaldiz belaunaldi egin du lan artzaintzan eta Mausitxa gaztak hainbat sari lortu ditu azken hogei urteotan.

Eibarko erdigunetik kilometro eta erdira, Mandiola auzoan dagoen Sosola baserrian, ardi-gazta ekologikoa egiten dute. 120 ardi eta 16 hektarea dituzte eta, gaztaz gain, ogia ere egiten dute. XVI. mendeko baserrian ostatu hartzeko aukera ere eskaintzen dute. Bihar Sosolako gazta Errebal Plazan egongo da, baina egunero aurkitu dezakegu Artamendi harategian eta Isasi okindegian.

 

Zapore eibartarra duen ahuntz-gazta

Soraluzeko Egotza baserriko Nagore Martin eibartarrak ahuntz-gazta egiten du. Martin kalegunean hasi eta hezi bazen ere, orain dela bederatzi urte eremu hura laga eta Soraluzeko Egotza baserriko lur malkartsuetan ahuntz alpinoen ustiapena jarri zuen martxan. 90 ahuntz inguru ditu gaur egun eta Gipuzkoan dauden lau ahuntzainetako bat da.

Egotza izenarekin hiru gazta mota merkaturatzen ditu (pasta prentsatua, gazta freskoa eta ruloa) eta azoketan zein Soraluzeko denda txikietan jartzen ditu salgai.

Martinek ‘Emakumeak Landa Eremuan’ saria jaso berri du, Landaolaren eskutik. “Sari honekin balioan jarri nahi dugu Nagorek egin duen autua, Soraluze bezalako herri batean baserritik bizimodua ateratzeko eta, hala nola, baserri munduarekin inolako loturarik izan ez duen emakume bat izanik, hirigunetik baserrira joan eta ganaderitza eta gaztagintza ogibide bihurtzeko izan duen kemena”, aipatu zuten Landaolatik.

 

Mallabiko behi-gazta

Biharko azokan aurkituko dugun behi-gazta bakarra Mallabitik dator, Mallegoi baserritik. Ruben eta Eneritz senar-emazteak arduratzen dira Axeleku izeneko gazta ekoizteaz, artisau-lana eginez eta modu tradizionalean. Horretarako, euren behien esnea erabiltzen dute. “Kalitate handiko gazta egiteko, ezinbestekoa da gure behiak ondo zaintzea eta elikadura on bat izatea”, diote.

Eskualdeko beste ekoizleek bezala, eurek ere bisita gidatuak eskaintzen dituzte euren instalazioak ezagutzeko eta, bihar produktuak Eibarren salgai jartzeaz gain, axeleku.com webgunean ere eskuratu daitezke.