Debegesak bulegoa zabaldu du, aldez aurretik hitzordua eskatzen dutenentzat

Debegesak bulegoa zabaldu du, aldez aurretik hitzordua eskatzen dutenentzat
2020/05/18 eta kitto!
Gaurtik hasita, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziak herritarrei arreta emango die bulegoan, baina bakarrik aldez aurretik hitzordua eskatzen dutenak hartuko dituzte. Ordua eskatzeko 943 820 110 telefono zenbakira deitu beharko da, 08:00etatik 15:00etara. Bulegoan, besteak beste, lana bilatzeko prozesurako orientazioa, errehabilitaziorako dirulaguntzei buruzko informazioa edota ekintzailetza prozesurako aholkularitza eskainiko dituzte.

Azaldu dutenez, bulegoa zabaldu aurretik osasun agintariek gomendatutako babes eta higiene neurri guztiak aplikatzeko egokitzapena egin dute, “langile eta erabiltzaileen arriskua murrizteko. Horregatik, bulegora datozenek beraien maskara ekarri beharko dute”. Bulego barruan, berriz, higienerako eta babeserako gel hidroalkoholiko banagailuak, erabili eta botatzeko zapiak eta babes-manparak jarri dira. Gainera, bulego barruan pertsona bakarra sartu ahal izango da eta bi metroko distantzia errespetatu beharko da beti.

Debegesak aldez aurretik barkamena eskatu nahi du, “gaur egungo osasun alertaren ondorioz, bulegoaren antolamenduak erabiltzaileei sor diezazkiekeen deserosotasunengatik” eta eskertu nahi dute “bakarrik beharrezko tramiteetarako gerturatzea”. Gainerako kontuetarako eskuragarri dauden beste komunikazio eta arretarako bideak erabiltzera animatzen dituzte herritarrak, “izan ere, osasun-krisiaren hasieratik, erabiltzaileei arreta eskaintzeko kanal telematikoak indartu ditugu, hala nola, web orria, sare sozialak eta COVID-19arekin lotutako zerbitzua emateko martxan ipini ditugun bi telefono mugikorrak”.