Diego Guglielmi, Gelati Gelati: “Izozkiak elikagaiak dira, gero eta gehiago”

Diego Guglielmi, Gelati Gelati: “Izozkiak elikagaiak dira, gero eta gehiago”
2018/05/04 eta kitto!
Eguzkiak giroa berotzen duenean, hondartzan ordu batzuk pasatzen ditugunean, bazkal edo afal oparoa izan ostean... edozein momentu da ona izozki bat jateko eta gaur egun are gehiago, izozkiak elikagai bat gehiago bihurtu direlako Diego Guglielmiren ustetan. Bere anaia Ginorekin Gelati Gelati izozki-denda zabaldu zuen Diegok Santutxun 2004an eta lau denda dituzte orain. Gainera, hainbat tailer eskaintzen dituzte eta izozki-dastaketa egingo dute ‘...eta kitto! Euskara Elkartean’ maiatzaren 9an 19:00etan.

 

- Begiak itxita egingo da izozki dastaketa. Begiak ixtean beste zentzuak zorrozten direlako?

Momentu dibertigarriak pasatu nahi ditugulako itxiko ditugu begiak. Izozki bat begiak itxita probatzen duzunean nahiko zaila da zer den imajinatzea, hotzak zaporea eta usaina hiltzen dituelako eta dena lokartzen duelako. Sentsazio guztiak izozten dira. Hala ere, momentu batean gauza dibertigarriak gerta daitezke.

- Nolakoa izango da dastaketa?

Hari bat jarraitzen saiatuko gara. Adibidez, dastaketetan zitrikoak probatzen ditugu lehenik eta, gero, adin guztietako umeekin elkarri eragiten saiatzen gara, 6 urtetik 80 urtekoekin. Bidaia gastronomikoak izaten dira, herrialde batetik bestera jauzi eginez. Gure asmoa dibertitzea da.

- Veronatar bik sortu zenuten Gelati Gelati, baina bertako produktuak erabiltzen dituzue eta ‘kilometro 0’ filosofia jarraitzen duzue. Italian bezain izozki onak sortu daitezke Euskal Herrian?

Bai, jakina. Produktu zoragarriak ditugu Euskal Herrian eta euskaldunei ondo jatea gustatzen zaie, beraz, Italiakoak bezalako izozki onak egin daitezke hemen, duda barik.

- Zein gauza hartu behar dira kontuan izozkiak egiteko?

Ondo pasatzea, gozatzea, ezinbestekoa da. Umeak izango bagina bezala sentitu behar gara izozkiak sortzean. Umiltasunez eta pasio handiarekin egin behar da lan, baina dibertitu egin behar zara zerbait sortu nahi baduzu.

- Egiten disfrutatu, gero kontsumitzaileek jaten gozatzeko?

Hori da! Bezeroen esker ona jasotzean lortzen duzu sari potoloa.

- Zer esango zenieke izozkiak udarako direla pentsatzen dutenei?

Izozkiak elikagaiak dira gero eta gehiago. Modak aldatzen doaz. Nik 15 urte daramatzat Euskal Herrian eta azken aldian izozki-denda asko zabaldu dira. Denda guztiek helburu bera daukate, kalitatezko produktuak eskaintzea. Izozkiek kapritxoak izateari utzi diote elikagaiak izateko eta lan onena egiten duena haziko da.

- Gelati Gelati bezala?

Gauzak ez zaizkigu gaizki joan. Izozki-denda txiki batekin hasi ginen eta lau ditugu orain. Gainera, beste denda batzuentzat izozkia egiten dugu.

- 150 zapore ezberdinetako izozkiak sortu dituzue. Nola sortzen dira izozki zapore berriak?

Askotan bezeroek eskatzen digute zapore bat edo bestea sortzea, baina gu nahiko ipurterreak gara baita ere. Moden arabera zapore berriak sortzeko aukerak irteten dira. Orain, adibidez, superrelikagaiak daude denon ahotan eta espirulina alga edo kurkuma bezalako zaporeak sortu ditugu. Beganismoa ere modan dago eta hainbat izozki zapore sortu ditugu zentzu horretan. Bestetik, gastronomian izozkiak erabiltzen dira gero eta gehiago jakiak laguntzeko. Adibidez, Japoniako gastronomia modan dago eta arrain gordinaren alboan izozkia jartzen da, zapore ezberdinekin jokatuz oreka lortzeko.