EAE barruko joan-etorriak baimendu ditu LABIk

EAE barruko joan-etorriak baimendu ditu LABIk
2021/03/05 eta kitto!
LABIk herrien konfinamendu perimetrala bertan behera laga du eta martitzenetik aurrera mugikortasun librea izango da EAE barruan. Gainera, 500 baino gehiagoko intzidentzia-tasa duten udalerriei murrizketak ezartzeko irizpidea bertan behera laga dute, gero eta herri gutxiagok dutelako positibo kopuru hori.

Gainontzean, orain arte ezarritako egon diren neurriek indarrean jarraituko dute: etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan eta lau laguneko taldeak gehienez.

Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, "urtebete geroago egoerak larria izaten jarraitzen du". Azken asteotako joerari begira, "bilakaera positiboa nabarmena da, baina beheranzko joera moteldu egin da eta ZIUen okupazioak altua iozaten jarraitzen du", bere ustez. Horrela, lau faktore kontuan hartu behar direla aipatu du etorkizun hurbilera begira: aldaera berrien arriskua, beheranzko joeraren mantsotzea, inguruko herrialdeetako gorakada eta deseskalatzea garaizegi egitearen eragin negatiboa.

Aipatutako neurriak malgutu ahal izateko, EAEko hiru lurraldeetan 60ko intzidentzia-tasa lortzea ezinbestekotzat jo du lehendakariak.