Egogain eta San Andres egoitzetan bizitzen ari diren egoera larria salatu du EH Bilduk

Egogain eta San Andres egoitzetan bizitzen ari diren egoera larria salatu du EH Bilduk
2020/04/15 eta kitto!
Egogain eta San Andres egoitzetako langile eta senideei elkartasuna adierazi nahi die EH Bilduk, Eibarko egoitza bietan “oso egoera larria bizitzen ari dira eta. Segurtasuna bermatzeko material eta protokolo faltan, langile gutxiago egoiliar gehiago artatzeko… Une latz hauetan, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu bi egoitzetako langile, egoiliar eta senideei”.

Egunero ematen dituzten datuek agerian lagatzen dutenez, Covid-19ak eragindako osasun krisiaren foko nagusienetarikoa zaharren egoitzek osatzen dute. EH Bilduk esandakoaren arabera, “Gipuzkoan, Covid-19ak eragindako 10 hildakotik 7 egoitza hauetako nagusiak dira. Oso zenbaki gordinak. Eta errealitate are gordinago bat azalaratzen dute zenbakiek. Gipuzkoako Foru Aldundiko eskumenekoak diren nagusien egoitzek hainbat murrizketa jasan behar izan dituzte azken urteotan: ratioak igotzea, azpikontratazioa, prekarietatea… Zaintza lanak gutxietsi ditu Aldundiak eta orain ari gara guzti horren ondorio latzak ikusten. Aspaldi salatu dituzte langileen sindikatuek egoitzetan jasaten ari diren murrizketak, baita EH Bilduk ere. Egun hauetan, ohikoa bilakatu da sare sozialen bitartez egoitzetako langileak segurtasun material eta laguntza eske ikustea. Non dago Gipuzkoako Aldundia? Egoera hau jasanezina da”.

Salatu dutenez, Egogain eta San Andres egoitzetan herritarrengana jo behar izan dute, lanean segurtasuna bermatzeko material bila, “Aldundiak ez dielako material nahikorik bermatzen. Egogaingo langile eta egoiliarrei test azkarrak atzo egin dizkieneterako hilabetea igaro da”. Neurria “oso berandu” ailegatu dela kritikatu arren, “segurtasun protokoloak ondo betetze aldera, bidea hori izan behar dela” gaineratu dute.

Eta, horrez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk egoitzetan gertatzen den guztia gertutik jarraitzen duela eta hasieratik behar diren baliabide guztiak exijitzen ari dela azaldu dute.