Egoitzetako erabiltzaileek irteerak egiteko aukera daukate

Egoitzetako erabiltzaileek irteerak egiteko aukera daukate
2020/06/22 eta kitto!
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, alarma egoeraren amaierarekin eta azken asteotan birusak Gipuzkoan izan duen bilakaera "ona" dela eta, egoitzetako erabiltzaileek irteerak egiteko aukera izango dute, "segurtasun neurri zorrotzak, zentroaren jarraipena eta kasu bakoitzeko mediku-gomendioak kontuan hartuta". Gizarte Politikako Departamentuak zenbait gomendio igorri dizkie egoitzei, eta bertan jasotzen dira egoiliarrak kanpora ateratzeko jarraitu beharreko jarraibideak.

Mendozak zehaztu duenez, sintomak dituzten edo isolatuta dauden erabiltzaileen irteerak "ez dira baimenduko", COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten senitartekoek bisitak egin edota kanpora lagundu ezingo duten bezala. "Irteera terapeutikoak egitea, gaua kanpoan ez igarotzea eta leku itxiak eta jendetsuak saihestea" gomendatzen da. Zentzu horretan, gaua kanpoan igarotzea dakarten irteerak, zentrora itzultzean, sarrera berritzat hartuko dira eta "Osasun Publikoko protokoloek kasu horietarako ezarritakoak kontuan hartu beharko dira".

Zentro bakoitzak, irteera bakoitzari dagokion jarraipena egingo du, laguntzailea erregistratuz eta irteeren ordutegiak zehaztuz. Laguntzaileak ezingo dira zentrora sartu eta horretarako egokitutako espazioetan jaso ahal izango dituzte senideak. Irteerak egiten dituzten egoiliarrek eta senitartekoek "prebentzio eta distantzia sozialeko neurriak" bete beharko dituzte, "gainerako komunitateak bezala, maskarak erabiltzea barne", gaineratu du bozeramaileak. Zentrora itzultzean, tenperaturaren kontrola egingo da, baita eskuen, oinetakoen, eta bastoiak eta gurpil-aulkiak bezalako euskarrien higienea ere.

3. fasetik aurrera senideen bisitak egiten ari dira, eta alarma-egoeraren amaiera dela eta, bisita horietan bi senitarteko egon ahal izango dira, eta ez dute zertan pertsona berberak izan bisita guztietan. Dementzia larriak edo komunikazioa zailtzen duten zentzumen-urritasunak dituzten pertsonen kasuan, bisitak egin ahal izango dira kontaktu fisikoarekin, gainbegiratuta eta prebentzio-neurriak zorroztuta. Bestalde, bizi-amaierako bisitak gelan egiten jarraitu ahal izango dira, osasun-krisia hasi zenetik egin izan den bezala, eta ez dute denbora-mugarik izango.