Eguaztenean greba egingo dute Gipuzkoako zaharren egoitzetan

Eguaztenean greba egingo dute Gipuzkoako zaharren egoitzetan
2022/02/10 eta kitto!
Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dute Gipuzkoako helduen egoitzetan eta LAB sindikatutik grebara batzeko dei egin nahi diete langileei, “langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko”.

Sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, “urriaren 28ko greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari, helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz. Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat burutu genuen. Abenduaren 17an, zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen. Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da langileokin harremanetan jarri”.

Salatzen dutenez, “zaintza negozio bihurtu dute, eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira, gure aiton-amonen zainketa-lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz”.

Gatazka honekin amaitzeko “behin behineko baldintza nagusiak Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea” izango direla gaineratu dute.

Hauek dira deitu dituzten mobilizazioak:

Otsailak 11: Kontzentrazioak (Gipuzkoako Erresidentzia guztietan)

Otsailak 14: 10:00etan, auto karabana (Domus VI Erresidentziatik)

Otsailak 16: 11:00etan, manifestazioa Bulebarretik