Egunean Behin jokoaren denboraldi berria astelehenean hasiko da

Egunean Behin jokoaren denboraldi berria astelehenean hasiko da
2022/09/22 09:42
eta kitto!
Codesyntax enpresa eibartarrak sortutako jokoak 10. denboraldia hasiko du astelehenean, irailaren 26an, abenduaren 18an amaitzeko. Aurten diseinu berriarekin dator Egunean Behin eta, aurreko edizioetan gertatu denari jarraituz, finala ETB1-en emango dute zuzenean. Gainera, tartean, zuzeneko partida presentzialak antolatuko dituzte.

Jokoaren dinamikak berdina izaten jarraituko du: egunean behin hamar galdera erantzun beharko dira, erantzun zuzen gehien denbora laburrenean lortzen saiatuz. Horrela, astelehenetik domekara puntu gehien batzen dituenak saria jasoko du (telebista, telefono mugikorrak, Chromecast-a...).

Bakarka jokatzen den jokoa da, baina kuadrillarekin, lankideekin, familiarekin... taldea sortu daiteke eta euren artean lehiatu. Hamar denboraldi hauetan 60.000 lagunek jokatu dute Egunean Behinen eta 30.000 teleikusle baino gehiagok ikusi dituzte telebistako saioak, jokoak izan duen arrakastaren erakusle.