Eibar, Elgoibar eta Mendaroko adinekoen eguneko zentroak ixtea erabaki du Foru Aldundiak

Eibar, Elgoibar eta Mendaroko adinekoen eguneko zentroak ixtea erabaki du Foru Aldundiak
2020/07/17 eta kitto!
Maite Peña Gizarte politiketako foru diputatuak jakinarazi duenez, COVID-19ren Gipuzkoako azken orduetako egoeraren eta Eibarren erregistratutako kutsatzeen ondorioz, eta Osakidetzarekin eta zentroetako arduradunekin harremanetan jarri ondoren, “prebentzioa indartzeko” erabakia hartu da, eta, horrela, aldi baterako eten dira San Andres eta Egogain egoitzetako irteerak. Horrez gain, Eibar, Elgoibar eta Mendaroko adinekoen eguneko zentroak ixtea erabaki dute.

COVID-19aren eraginez bizi dugun egoerari erreparatuta, diputatuak gogorarazi du joan den astetik prebentzio-neurriak areagotzen ari direla adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, “euren ongizatea zaintzeko eta bermatzeko” eta, horregatik, hainbat udalerritan, egoiliarren irteerak eteteko eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu da.

Markel Olano ahaldun nagusiak adieraz duenez, “gure adinekoetara salto egiteak asko kezkatzen gaitu. Horregatik, erne jarraitu behar dugu, arlo guztietan prebentzioa eta jarraipena indartuz”.