Eibar Fundazioak eta Gurutze Gorriak jostailuen truke kanpaina jarriko dute martxan

Eibar Fundazioak eta Gurutze Gorriak jostailuen truke kanpaina jarriko dute martxan
2021/12/02 eta kitto!
Eibar KE-k abenduaren 11n jokatuko den Eibar-Malaga partidurako bi sarrera emango dizkie Eibar Fundazioak eta Eibar-Ermua Gurutze Gorriak martxan jarri duten ‘jostailu hezitzailea’ kanpainaren harira jostailu berri bat ematen dutenei.

Jostailuak (berriak eta hezitzaileak) Ipuruako Orsaixan gunean eman beharko dira bihartik hasi eta abenduaren 10era arte. Ezaugarri horiek dituen jostailu bat ematen dutenek Eibar-Malaga partidurako bi sarrera jasoko dituzte.

Kanpainaren goiburua ‘Eskubideak jokoan’ da eta, horren bidez, bazterketa-arriskuan dauden haurrek jolasteko duten eskubidea gauzatu ahal izatea erraztu nahi da.

Kanpaina horren onuradunak eskualdeko familia ahulenak izango dira eta, horretarako, gizarte-zerbitzuen eta ekimen solidario honetan parte hartzen duten udalerrietako erakundeen laguntza egongo da.