Eibar Ospitaleaz gain, Ordiziako egoitzak ere artatuko ditu COVID-19ak eragindako nagusiak

Eibar Ospitaleaz gain, Ordiziako egoitzak ere artatuko ditu COVID-19ak eragindako nagusiak
2020/09/23 07:21
eta kitto!
Eibar Ospitalean kokatuta dagoen zentro  soziosanitarioak dituen 56 plazei Ordiziako San Jose egoitzan beste 65 plaza gehituko zaizkie. Martxoaren 15ean Gurutze Gorriaren Donostiako zentroa  gaitu zuen Foru Aldundiak COVID-19ak eragindako pertsonei eta Gipuzkoako egoitza-zentroetan bizi direnei arreta emateko, eta maiatzaren 8tik aurrera, Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioak betetzen du eginkizun hori.

Eibarko Ospitalean 56 plaza daude eta Ordiziako San Jose egoitzan beste 65 plaza egongo dira. Ordiziakoa itulartasun publikokoa da eta Kabia foru-erakundean integratua dago. Beraz, San Jose zentroa, aldi baterako, birus-karga txikia duten eta arreta soziosanitarioa behar ez duten COVID-19 kasu asintomatikoak artatzeko erabiliko da.

Gaur egun, 55 COVID-19 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetan, bat bera ere ez Eibarko Egogain eta San Andres egoitzetan. Gipuzkoako egoitzen sarean 11 pertsonak ospitaleko arreta behar dute eta ospitaleratuta daude, eta beste 29 Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioan ari dira artatuak izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, 14 adinekok gainditu dute gaixotasuna, eta 20 hil egin dira.

Ordiziko zentroa ekainaren hasieran itxi zen birmoldaketa lanak egiteko helburuarekin, “instalazioak behar berrietara egokitzeko”, azaldu dute Foru Aldunditik. "Beharrizan horiek eta COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera ikusita, gaur egun plaza gehiago gaitu behar ditugu adineko pertsonen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko, eta horregatik, aldi baterako, Ordiziako zentroa pertsona horien arretara bideratuko da".