Eibar-Sahara elkartekoen liburu azoka asteburuan

Eibar-Sahara elkartekoen liburu azoka asteburuan
2016/03/18 eta kitto!
Eibar-Sahara elkartekoek asteburuan liburu azoka ipiniko dute Untzagan, erabilitako liburuak saltzeko. Zapatuan eta domekan, egun bietan zabalduko dute azoka, 11:00etan hasi eta 19:00ak arte (jarraian, atsedenaldirik gabe). Bestalde, elkarteko ordezkariek aditzera eman dutenez, azokaren aitzakiarekin "Oporrak Bakean" programari buruzko informazioa emango diete interesa daukatenei : "Momentuz, udan hiru haur etorriko dira Eibarrera eta seguruenik, dirua lortzen badugu, beste bi Mendarora joango dira". Oporrak Bakean udan Saharako umeei Euskal Herriko familietan harrera egiteko programa da eta oin dela gutxi abestia eta bideoklipa eskaini deizkiete. Kantuak Xabier Euzkitzeren hitzak dauzka eta musika Emon taldeak ipini dio. Bideoklipa egiteko orduan hainbaten laguntasuna izan zuten, tartean eibartar batzuena: Saharako umeak hartzen dituzten familiak, Joseba Casasola, Asier Serrano, Ame Estudioak Axular Arizmendi, Rober Oviedo, Garoa Arizmendi... denak elkarlanean ibili ziren Youtubera igo duten bideoa osatzeko.