Eibarko Baso Biziak taldeak erakusketa zabalduko du gaur Untzagako jubilatu etxean

Eibarko Baso Biziak taldeak erakusketa zabalduko du gaur Untzagako jubilatu etxean
2020/10/09 09:48
eta kitto!
Gaur arratsaldean zabalduko dute erakusketa Eibarko baso biziak taldekoek, Untzagako jubilatuen etxean. Baso kudeaketa jasangarriagoa aldarrikatzen duten herritarrek osatutako taldeak hainbat argazki ipiniko ditu ikusgai, formato ezberdinetan, “gure mendietan gertatzen ari den sarraskia” erakusteko. Urriaren 16ra arte egongo da ikustera joateko aukera. Antolatzaileen berbetan, “erakusketa didaktiko bat egin nahi dugu, talak eta matearrasak non egin diren zehaztuz eta eukaliptoa non landatu den azalduz”.

Orain dela egun gutxi egindako argazkian gure mendietako egoera zein den ikus daiteke, Kalamuako bideko eukaliptus berrietatik begiratuta. Orain dela egun gutxi egindako argazkian gure mendietako egoera zein den ikus daiteke, Kalamuako bideko eukaliptus berrietatik begiratuta.

Bestalde, Eibarko Udalak urrian egingo duen plenoan aurkezteko mozioa prestatu dute, lau eskaera hauekin:

1.- Eibarko Udalak, Eukaliptoa, eta lurrarentzat eta bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren gainontzeko espezie guztien landaketak sahiesteko, bere esku dagoen guztia egiteko konpromezua hartzea.

2.- Kontuan izanik Euskadiko basoetan eta baso-lurretan Eukaliptoak duen presentziak lur hauen bioaniztasuna, produktibitatea, birsortzeko ahalmena, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean izan behar dituen gizarte eta funtzio ekologikoak kolonkan ipintzen dituela, Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzari Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratzeko eta Eucalyptus barietate desberdinak katalogo honetan jasotzeko administrazio-prozedurak berehala ireki ditzala eskatzea.

3.- Eibarko Udalak, Foru Aldundiari baso-politikak alda ditzala eskatzea; gure lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta gaur egun mendietan dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten.

4.- Eibarko Udalak lur-jabe eta baserritarrendako laguntza eta aholkularitza sustatzea, udalaren baliabideak erabiliz, basogintza-eredu jasangarriagoa bilatze eta aplikatze aldera. Betiere interes ekologiko, ekonomiko eta soziala uztartuz.