Eibarko lehen udal arkitektoaren historia

Eibarko lehen udal arkitektoaren historia
2022/11/11 eta kitto!
Orain dela gutxi berriztu dute Ibarkurutzeko iturria eta, horren harira, Estibalitz Gonzalez irakasle. idazle eta historiazaleak Urbano Manchobasen figura ekarri digu gogora. Eibarko lehen udal arkitektoak iturria berrizteko proposamena egin zuen 1935ean, baina azkenean ezin izan zuten gauzatu. Dena dela, haritik tiraka, Manchobasek herrian egindako proiektuen berri izan dugu eta bere historia zoragarria kontatu digu Gonzalezek.

 

Urbano Manchobas Careaga Ermuan jaio zen 1886ko abenduaren 7an. Aitaren lana Madrilen zegoenez, familiak sarri egiten zituen joan-etorriak eta Urbanok, 16 urteko mutikoa zela, Madrilen Arkitektura ikasteari ekin zion. Ikasketak amaitzean, estudio teknikoa jarri zuen Madrilen Miguel Garcia-Lomas ikaskidearekin. Azken honek Asturiasen arbasoak zituen eta, horrela, Ribadesellan, Llanesen eta beste hainbat tokitan etxe asko proiektatzeko eta eraikitzeko aukera izan zuten.

Euskal Herrira bueltan, 1925ean Manolita Egaña Eitzako auzo-eskolan maistra eta Ermuan ostatu hartuta zegoen donostiarrarekin ezkondu zen Arantzazun, eta 1927an, Eibarko Udalak arkitekto plaza eskaini zuenean, Manchobasek bere burua aurkeztu eta aukeratu egin zuten. “Plaza zuen Eibarko lehen udal-arkitektoa izan zen”, Gonzalezek esan digunez.

Bederatzi urte eman zituen udal arkitekto bezala eta berak egindako 84 dossier eta lan-espediente inguru daude gordeta Udal Artxiboan. “Zoragarriak dira, oso txukunak, xehetasun askorekin. Obrak, eskaerak, marrazkiak... daude”, diosku Gonzalezek. “Izan ere, bera arkitektoa izanik, oso marrazkilari ona zen”. Manchobasek egindako obra asko gizartera begira egindakoak izan ziren, sasoiko beharren arabera. “Adibidez, Orbeatarren panteoia, tuberkulosoen ospitalea eta infekziosoen pabilioia Legarren, La Salle Isasi ikastetxea, labaderoak egin zituen, auzo-eskolak Maltzagan eta Aginagan, kapera bat...”, zerrendatzen ditu Gonzalezek, baina askoz ere gehiago egin zuen.

Gizartera begira egindako lanez gain, tailerrak eraiki zituen, berriztatze-lanak egin, handitu... “Esate baterako, ABC, Aurrera, Orbearen handipena, Kruzelegirena, BH, Margola tindategia bere proiektua da... Herriko tailer esanguratsu askok dute bere ukitua”, Gonzalezek kontatu digunez.

Manchobasek proiektatutako lan asko gauzatu ahal izan ziren, baina badaude egin ahal ezin izan ziren zenbait proiektu esanguratsu: Ibarkurutzeko iturriaren berriztapena eta Untzaga plazan bigarren hezkuntzako institutua eraikitzea. “Hori bai, kiosko bat egin zuen, beti edukitzen zuen kontuan komun publikoak eraikitzea... Beti zuen buruan jendearentzat gauzak egitea”, Gonzalezek dioenez.

 

Ibarkurutzeko iturriaren proiektua

Ibarkurutzeko iturriaren inguruko lehen aipamen idatzia 1884koa da. “Bertan, 118 bizilagunek Udalari, edateko ura behar dela esanez, iturri bat eraikitzea eskatzen diote, bestela urrutira joan behar direlako ur bila”, kontatu digu Gonzalezek.

Alegazioak eta herritar ezberdinen eskaerak tarteko, zortzi urte itxaron behar izan zituzten iturria eraikitzeko. Beraz, 1892. urtean egin zuten iturria, Agustin Barrenechea y Salegui obra-maisuak aurkeztutako proiektuaren arabera, eta bi kainu zituen, bata Maria Angela kalera begira zegoena eta bestea Arragueta kalera.

Ibarkurutzeko iturria, ostera, “oso tabarrosoa izan da beti”, Gonzalezek dioenez. “Filtrazio asko zituen, kanalizazioan arazoak... eta 1935ean, Urbano Manchobasek, herriko udal-proiektu asko amaitzen daudela ikusita eta langabeziari aurre egiteko asmoz, Ibarkurutzen iturria eta komun-publikoak egitea proposatzen du”, azaldu digu. Horrela, herriari zerbitzuak emateaz gain, herritarrei lana emango zielakoan.

Manchobasek 1935eko abenduan egin zuen eskaera “eta hilabete batzuk geroago badakigu zer gertatu zen, gerra etorri zen, eta bertan behera geratu ziren proiektu guztiak”, diosku Gonzalezek. Beraz, eibartarrek 1944. urtera arte itxaron behar izan zuten iturri berritua eduki ahal izateko. “Orduan, iturria bi kainutik lau kainu izatera pasa zen”, azaldu digu.

 

Manchobas erbestean

Manchobasen Ibarkurutzeko iturriaren proiektua ezin izan zen gauzatu eta Manchobas bera erbesteratu egin behar izan zen. Izan ere, udal-arkitektoa zenez, lehergailuek eta bonbek egindako kalteak gainbegiratu behar zituen. “Ez dakigu horren harira izan zen edo zer, baina proposamen bat etorri zitzaion: Ormaiztegiko biaduktua moztea tropa frankistei bidea ixteko. Berak esan zuen nondik moztu behar zen biaduktua bere osotasunean mantendu zedin, frankistei bidea moztu nahi zietelako baina ez biaduktua suntsitu. Orduan, frankistek ekintzaren egileak identifikatu zituzten eta heriotza-zigorra jarri zieten
inongo epaiketarik gabe”, azaldu digu Gonzalezek.

Gauzak horrela, Ziburura erbesteratu zen lehenik eta Anberesera gero. Han Eusko Jaurlaritzaren funtzionario izan zen, baina petrolioari esker hazten ari zen Venezuelan euskaldunei harrera handia egiten zietenez, hara joan zen 1939an. “Eraikuntza enpresa baten lanean eman zuen han bere bizitza gehiena eta gauza asko eraiki zituen, tartean Coromotoko eliza zoragarria”, diosku Gonzalezek. “Venezuelak ‘ondare kultural’ izendatu ditu bere eraikin asko”.

Euskal Herrira itzultzen ahalegindu zen, baina bere aurkako auzi judizialak indarrean jarraitu zuen eta 1968an Caracasen hil zen, “Toribio Etxebarria laguna baino astebete geroago”, amaitzen du Gonzalezek.