Atzotik lau pertsona gehiago ari dira garbiketa eta desinfekzio lanetan Eibarren

Atzotik lau pertsona gehiago ari dira garbiketa eta desinfekzio lanetan Eibarren
2020/04/10 eta kitto!
Eibarko kaleetan garbiketa lanak egingo dituzten udal brigadako langileen kopurua 7tik 11ra igoko da, "desinfekzio-lanak bermatzeko, bai Eibarko erdigunean, bai auzo guztietan". Atzo ere jardun zuten lanean eta Aste Santuko beste jaiegunetan ere egingo da, modu intentsiboan, 7: 30etik 14: 00etara.

Duela 15 egun baino gehiago, Udalak Udal Lantaldearen beharginen lana berrantolatu zuen, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean ildo horretan lan egiteko. Lanak hasi zirenetik, desinfektatze-lanak egiten ari dira sodio-hipokloritoarekin (tokiak desinfektatzeko eraginkortasun handiko konposatu kimikoa) kontaktu gehien duten azalera edo azpiegituretan, hala nola baranda, eskudel, igogailu, eskailera eta hondakinen edukiontzietan.

Eibarko Udala Debabarreneko Mankomunitatearekin koordinatzen ari da, desinfekzioa ahalik eta osoena eta sakonena izan dadin. Izan ere, Mankomunitatea, bere aldetik, egunotan jende gehien pilatzen ari den guneetan ari da lan horiek egiten, hala nola ospitale, supermerkatu eta espaloi inguruetan eta baita edukiontzietan ere.

Hasieratik, langile guztiek izaten ari dira beharrezko babes-ekipamendu guztia, lanak segurtasun osoz egin ahal izateko.