Eibarko udaltzainek formazioa jasoko dute herritarrei eskaintzen dieten arreta hobetzeko asmoz

Eibarko udaltzainek formazioa jasoko dute herritarrei eskaintzen dieten arreta hobetzeko asmoz
2022/05/18 10:22
eta kitto!
Eibarko udaltzainek hainbat tailerretan hartuko dute parte, herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea hobetzeko tresnak eskuratzeko. Udaletik azaldu dutenez, "ikastaro hauen helburua da segurtasun-kidego hori herritarrengana are gehiago hurbiltzea; izan ere, Udaltzaingoa da bizilagunekin harreman estuena duena, eta formazio honen bidez herritarrei zerbitzua emateko bokazioa indartu nahi da", azaldu dute. Udaltzaingoan une honetan jubilazio asko daude, eta horren ondorioz, agente berriak sartzen ari dira. Testuinguru horretan antolatu da ekimena.



Tailer hauen helburu metodologikoak dira, besteak beste,  Udaltzaingoaren jarduera pertsonala nahiz kolektiboaren inguruan formazioa ematea, sentsibilizatzea, hausnartzea eta aldatzea. Zer suposatzen duen udaltzain izatea Eibarren, autokontrola, eta harremanetako autoerregulazioa izango dira, beste alderdi batzuen artean, ikastaroan landuko diren gaiak.

Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, tailer hauek garrantzitsuak dira, “kontuan izan behar dugulako Udaltzaingoa dela herritarrengandik gertuen dagoen agintea, eta, horregatik, funtsezkoa da agenteek ematen duten arreta ahalik eta hurbilena eta adeitsuena izatea".