Eibarko udaltzainek suzko armak eraman beharko dituzte maiatzaren 1etik aurrera

Eibarko udaltzainek suzko armak eraman beharko dituzte maiatzaren 1etik aurrera
2022/04/05 07:24
eta kitto!
Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak 2019ko ekainaren 5ean epaitu zuen Eibarko udaltzainek suzko armak eraman behar zituztela. Udala ez da epaiaren alde azaldu, baina orain, auto judizial batek hilabeteko epea eman dio udaltzainei suzko armak emateko, Noticias de Gipuzkoak jakinarazi duenez. Beraz, maiatzaren 1etik aurrera Eibarko udaltzainek suzko armak eraman beharko dituzte.

Suzko armak eta fundak erosita daude dagoeneko, eta poliziak armak manipulatzeko beharrezkoa den tokia prest dago; udaltzainek Arkauteko tiraketa-akademian formakuntza-saioak jasotzea besterik ez da falta.

Noticias de Gipuzkoak Jon Iraolaren berbak jaso ditu gai horren inguruan. Bere iritziz, neurri hau ez dago justifikatuta. Izan ere, azken urteetako balantzeari begira, “ez da gertaera aipagarririk gertatu”. “Kasu larriez arduratzen den Ertzain-etxea dugu eta Eibar ez da herri bereziki gatazkatsua, nahiz eta egia den testuinguru soziala aldatzen ari dela”, alkatearen ustez.