Eibarren airearen kalitatea kontrolatzeko lau neurgailu ipiniko ditu Udalak

Eibarren airearen kalitatea kontrolatzeko lau neurgailu ipiniko ditu Udalak
2020/02/10 eta kitto!
Zaldibarren gertatutakoari jarraipena egiten ari dira Eibarko Udalean eta, esan dutenez, “Udalaren lehentasun nagusia da zabortegiko bi langileen familiei eta hurbilekoei laguntzea eta Eibarko herritarrak lasaitzea, sor daitekeen kezkaren aurrean”.  Alkatetzatik azaldu dutenez, lau neurgailu kontratatu dira herriko airearen kalitatea ezagutzeko. Datozen orduetan jarriko dira Amañako ikastetxean, Ipuruako kiroldegian, Uni Eibar-Ermua ikastetxean eta baita  Azitaingo Lantegi Eskola parean, “hiriko bi muturren artean egon daitezkeen aldeak ezagutzeko, halakorik balego”. Miguel De los Toyos alkateak erabaki horren eta luiziaren egoeraren berri eman die Bozeramaileen Batzarreko udal ordezkariei, eguerdian egin den saioan.

Eizagako zabortegian eguenean gertatu zen luiziaren harira agerraldia egin dute Zaldibarren gaur eguerdian Iñaki Arriola ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak eta, esan dutenez, “hondakindegia ez da Jaurlaritzarena. Enpresa pribatua da. Guk, administrazio modura lurraren egonkortasunerako eta osasunari lotutako soluzioak eman ditzala exijituko diogu”.

Hain zuzen ere, osasunari lotutako kezka nabarmena da herritarren artean. Izan ere, orain dela bi egun piztutako sua dela eta, Ekologistak Martxan taldeak bere kezka azaldu du, keak duen usainagatik, amiantoaz gainera, zabortegian lindanoa ote dagoen “susmo sendoak” ditu elkarteak. Hala ere, Elena Moreno sailburuordeak lindanoa dagoen hipotesia “erabat” baztertu du gaurko agerraldian. Edozein modutan ere, 2019ko uztailean hainbat irregulartasun detektatu zituen Jaurlaritzak hondakindegian. Horietako bat “baimendu bariko hondakinak, nagusiki plastikoak” zirela esan du Arriolak.

Ezbeharra gertatu zenetik, lanean ari dira desagertuta dauden bi langileen bila, baina gaur berriz ere laga dituzte bertan behera erreskate lanak, geologo talde batek hala aholkatuta, lurren ezegonkortasunak “lur-jausi berriak” ekar ditzakeelako.

Gauzak horrela, zabortegian gertatu dena argitzea eskatzeko mobilizazioak deitu dira gaurko Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. Gure herriko mobilizazio zaratatsua 19:30ean hasiko da, Untzagan.