[AZKEN ORDUKOA] Eibarren koronabirusaren lehen kasuak baieztatu ditu Udalak

[AZKEN ORDUKOA] Eibarren koronabirusaren lehen kasuak baieztatu ditu Udalak
2020/03/14 eta kitto!
Eibarren koronabirusaren lehen kasuen berri jakin duela adierazi du  Udalak gaur  goizean eta, ondorioz, prebentzio-neurriak handitzeko erabakia hartu dute.  Erabaki edo neurri berri hauek atzo, martxoaren 13an, jakinarazitakoekin bat egiten dute, eta Udaletik berriz ere dei egiten da erantzukizun zibilari, konpromisoari eta etxetik egiten diren irteerak ahalik eta gehien murrizteari.

Egoera berriaren  aurrean, Eibarko haur-parke guztiak prezintatuko dira, pertsona asko biltzen diren tokiak direlako, eta Eibarko Udaleko aurrez aurreko arreta bertan behera utziko da.

Eibarko Udalak berriz ere dei egiten die hiritarrei etxean ahalik eta gehien geratzeko eta nahitaezkoak ez diren jarduerak ekiditeko. Eibartar bakoitzari bere buruarekin arduratsu izatea eskatzen dio, gainerako bizilagunak ere babestu ahal izateko. Ildo horretan, azpimarratu nahi da "garrantzitsua dela bereziki arduratsua izatea koronabirusaren aurrean komunikatutako higiene eta kontaktu neurriekin".

Edozein kontsulta edo tramite egiteko udal zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duenak, ondorengo bideak erabili ahal ditu: Udalaren kanal elektronikoa (www.eibar.eus); telefonoa, 010 edo 943.70.84.00 telefonoetara deituta; edo, bestela, arlo bakoitzak duen posta elektronikoaren bidez ere jarri ahal izango da harremanetan.


Beraz, hauek dira atzo eta gaur Udalak hartutako neurriak:

1- Udalaren esku dauden ekintza hauek bertan behera geratuko dira:
Zeramika Eskola, Liburutegia, Marrazketa Eskola, Museoa, Musika Eskola, Liburutegia, Ludoteka, Afariketan, Udal Euskaltegia, Gaztelekua eta Astelenako Txiki-parka. Era berean, Azitaingo Lantegi Eskola ere itxi egin dute.

2- Udalak antolatutako  ikastaro guztiak bertan behera geratuko dira, baita  Antzerki Jardunaldiak ere.
“Jardunaldiak bertan behera geratuko dira, baina etorri behar ziren antzezlanak beste data batzuetan etortzen saiatuko gara”, esan du alkateak. Dena dela, Jardunaldietarako eta beste ekintzetarako sarrerak erosita zituztenei dirua itzultzeko prozedurak jarriko dituzte martxan.

3- Coliseo antzokia itxi  egingo dute. Beraz, zine emanaldiak eta bertan egin behar ziren ekintza guztiak bertan behera geratuko dira.

4- Eguaztenetako  merkadilloa bertan behera geratuko da.

5- Bide publikoko okupazioei dagokienez, ostalariei terrazak kentzeko eskatuko diete.
Horrela, terrazak jartzeko ordaindu behar dituzten tasen zati proportzionala itzuliko edo hurrengo denboraldian deskontatuko diete. “Ez dugu tabernak ixteko eskumenik, baina herritar guztiei eskatzen diegun bezala, ostalariei ere arduraz jokatzeko deia egiten diegu”.

6- Kirol-instalazioak (Ipurua eta Orbea kiroldegiak, Unbe eta Astelena frontoia) itxiko eta bertan egin beharreko ekintzak bertan behera utziko dituzte.

7- Udaletxean, herriko toki jakin batzuetan eta pegora guztietan kartel informatiboak jarriko dituzte hartu beharreko higiene neurriekin eta Udalak hartutako erabaki guztien laburpenarekin.

8.- Eibarko haur-parke guztiak prezintatuko dira,

9.- Eibarko Udaleko aurrez aurreko arreta bertan behera utziko da.