Eibartik 3.000 euro bideratuko dira Turkia eta Siriako lurrikaretan kaltetu direnei laguntzeko

Eibartik 3.000 euro bideratuko dira Turkia eta Siriako lurrikaretan kaltetu direnei laguntzeko
2023/02/08 eta kitto!
Turkia eta Siriako lurrikaretan kaltetutakoei laguntzeko 3.000 euroko partida bat bideratzea erabaki du Udalak, Alkatetzak proposatuta. Laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bidaliko da, mundu mailan egindako laguntza eta lankidetza deialdiari erantzunez. Ekarpen ekonomiko hau ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ izeneko partidaren kontura egingo da, Udalak bere udal-aurrekontuetan Lankidetza Sozialeko Proiektuetarako gordetzen dituen diru-kopuruen barruan.

Astelehenean Richter eskalan 7,8 graduko lurrikara batek Turkia hego-ekialdea eta Siria iparraldea astindu zituen goizaldean, kalte oso handiak eta milaka hildako eraginda, eta gainera garrantzi handiko hainbat erreplika izan dira. Turkiako agintariek 1939an izandakoarekin alderatu dute lurrikara: orduko hartan 30.000 hildako baino gehiago egon ziren.

Alkatetzaren ebazpen bidez dirulaguntza ematea onartzeko unean, bi herrialde horietan 5.000 lagun baino gehiago hil direla, 20.000tik gora zauritu direla eta desagertuen kopuru zehaztugabe bat dagoela jakinarazi dute, baina egunetik egunera hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du eta honezkero 7.000 lagun baino gehiago hil direla adierazi dute hango agintariek. Izan ere, bilaketa-lanetan jarraitzen dute eraitsitako milaka eraikinen hondakin artean, eta, ondorioz, zaurituen eta hildakoen kopuruak nabarmen egin dezake gora. Kalte materialaz gain, bi herrialdeetako hainbat azpiegitura eta hornidura ere kaltetuta geratu dira.

Egoera horren aurrean, Turkiako eta Siriako larrialdi-zerbitzuekin batera, bi herrialdeetako Ilargierdi Gorria laguntza humanitarioa eskaintzen ari da: 500dik gora langile eta boluntario ari dira lanean, eta, besteak beste, sukalde mugikorrak jarri dituzte, elikagaiak banatzeko ehun bat ibilgailu, larrialdietarako 40 ibilgailutik gora, mila kanpin-denda baino gehiago, 5.000 karpa eta 15.000 manta baino gehiago prestatu dituzte.