Eibar-Alaves derbiaren ostean elkartasun bazkaria egingo da Untzagan Aroari laguntzeko

Eibar-Alaves derbiaren ostean elkartasun bazkaria egingo da Untzagan Aroari laguntzeko
2018/10/29 eta kitto!
Azaroaren 4an Ipuruan jokatuko den Eibar-Alaves derbiaren ostean, Eskozia la Bravak, Eibar  KEak eta zaletuek prestatutako bazkari solidarioa egingo da Untzagako arkupeetan, Aroa  ume eibartarrari laguntzeko. Aroak gaixotasun genetiko oso arraroa dauka (Coffin-Siris sindromea) eta pare bat kasu besterik ez daude estatu osoan. Bazkaria gaixotasun honi aurre egin eta Aroari laguntza eskaintzeko antolatu dute berriro ere Haize Aroa elkartekoek Eskozia la Bravakoekin batera. "10 euroren truke paella, postrea eta edaria izango da eta dena helburu ezinhobe batengatik", adierazi digute antolatzaileek. Gasteizko zaletuek bazkarira etortzeko asmoa adierazi dute. Beraz, "giro ona ziurtatuta dago".


Bazkarira joan aurretik tiketak erosi behar dira. Hau garrantzitsua da aurreikuspen bat egiteko. Tiketak Kalbetoiko Garden tabernan eta Amañako LauBide tabernan daude salgai.

Bestalde, gabonetako loteriako partizipazioak atera dituztela iragarri dute Haize Aroa elkartekoek. 5€tan egongo dira salgai. Hortik euro bat Aroari laguntzeko izango da.