[Erreportajea] Batxilergoko ikasleak etxetik ikasteko erronkari aurre egiten

[Erreportajea] Batxilergoko ikasleak etxetik ikasteko erronkari aurre egiten
2020/05/01 15:39
eta kitto!
Koronabirusak ikasleen egunerokoa aztoratu du, eta ordenagailua bihurtu dute ikasteko lan-tresna. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek erronka bikoitza dute: ikasketak amaitzea, gainditzea eta titulua lortzea; eta bestalde, nahikoa nota lortzea unibertsitatean edo heziketa-zikloetan sartzeko. Euren bizitza hankaz gora jarri da mundu osoa erasotu duen pandemiaren erruz. Bakarrik daude etxean eta egoera nola bizi duten jakin nahi izan dugu.

Bizi dugun egoerak tentsioa sortzen du euren artean, eta okerrena da “azken ebaluaketa honetan zer prestatu behar dugun, azterketak nolakoak izango diren edo zer gai sartzen diren ez jakitea. Ez dakigu zertan zentratu eta zer prestatu behar dugun”, azaldu digute Eibar BHIn Batxilergoko 2. mailan ikasten duten Lukene Piñeirok eta Garazi Aizpuruak. Euren institutuan urrutiko eskoletara azkar egokitu diren irakasleak daude, baina beste batzuei gehiago kostatzen ari zaie eta “lan askorekin estutzen gaituzte”, diote. Ahaleginak ahalegin, ez urrutiko eskolek ez etxeko ikasketek ez dute gelako lana ordezkatzen.

Batxilergoko bigarren mailako ikasleek erronka bikoitza dute: batetik, ikasketak amaitzea, gainditzea eta titulua lortzea eta, bestetik, unibertsitatean edo heziketa-zikloetan ikasketak jarraitu nahi dutenen kasuan, nahikoa nota lortzea. Batxilergoko notak hautatutako karrerarako onarpen-faseko azken notaren % 60 dira; horregatik, ikasleek ardura dute ikasturtea ahalik eta notarik onenarekin amaitzeko. Askorentzat, nahi duten karrera ikastea hamarren kontua da. Leire Tejada La Salle ikastetxeko ikaslearen kasuan, oraindik ez du argi zer ikasiko duen, beraz, "azken nota garrantzitsua izango da erabakitzen dudan karreraren arabera".

Ziurgabetasuna da txarrena
Dena dela, Leirek lasaitasun handia hartu du Aste Santutik bueltan. “Irakasleek informazio mordoa eta zehatzagoa eman digute, eta orain badakigu hirugarren ebaluaketa nolakoa izango den. Horrek niri sekulako lasaitasuna eman dit. Aste Santuan oso txarto pasatu nuen. Orain beste modu batean ikusten ditut gauzak”.

Informazio zehatz horren falta igartzen dute Garazik eta Lukenek. Hezkuntza Sailak irizpide orokorrak azaldu ditu, “baina guk oraindik ez daukagu argi nola ebaluatuko gaituzten. Esan digute irakasle bakoitzak ikusiko duela azken ebaluaketa nola egin, baina oraindik ez daukagu xehetasunik”. Lukenek azaldu digunez, “gauzak argiago esatea eta zuzenak izatea nahi dugu. Ulertzen dugu egoera honetan irakasleen papera zaila dela, baina uste dut moduren batean ala bestean, ikasleak lasaitzen eta gauzak argitzen gehiago saiatu beharko liratekeela. Ez dute gure egoera aintzat hartzen. Aholkuak ematen dizkigute lanak antolatzeko eta abar, baina ez dira zuzenak eta argiak, eta horrek ezinegona eta urduritasuna sortzen digu”.

GaraziIraide

Selektibitatea uztailaren 8an
Selektibitatearen inguruko ziurgabetasuna, hasiera batean aurreikusitakoa baino hilabete atzeratu baita, ikasleak kezkatzen dituen beste gai bat da. “Selektibitatea hilabete atzeratu digute. Uztailaren 8an egingo dugu, baina, aurrez aurre egin ahal izango dugu? Gertatzen ari den guztiarekin nola sartuko dituzte ehun pertsona gela batean?”, dio Garazik. Zalantzak dira nagusi gazteen artean: “Esaten digute udan ezingo garela igerilekura joan, eta gela batean sartuko gaituzte? Ez dauka zentzurik”. Egoera horrek eragin dituen “nahasmena eta segurtasun eza” aipatzen ditu. Egunak igaro ahala “egokitzen saiatzen zara, baina uste dut psikologikoki ez gaudela prest hilabete barru azterketa bat egiteko. Presioa oso handia da eta oraindik gauza asko daude airean”, uste du Garazik.

Krisi honen osasun-egoerarekin eta ondorio sozial eta ekonomikoekin arduratuta daude, eta, zalantzarik gabe, kontzentrazio- eta errendimendu-gaitasunean eragiten du. Leirek azaldu duenez, “nik lehen beti etxetik kanpo ikasten nuen, liburutegian. Orain egoera honetara egokitzea oso zaila izan da. Momentu batean asko haserretu nintzen irakasleekin, azterketa mordoa jartzen hasi zirelako. Egoera hau benetan gogorra da. Etxean ez gaude bakarrik, familia osoa gaude, bakoitza bere gauzak egiten. Lehen Historiako gai bat ikasteko hiru ordu behar banituen, orain sei behar ditut. Eta hori ere kontuan hartu behar da. Hasiera oso gogorra izan zen. Orain, nire kasuan, uste dut irakasleek ere ulertu dutela, eta lasaitu egin dira”.

Leirerekin bat dator Lukene: “Egun guztia etxean egonda, kalera ezertarako irten gabe, oso zaila egiten da ikasketak berdin eramatea. Lehen kalera irteten zinen, burua “despejatzen” zenuen eta ikasten jartzen zinen. Baina orain ezinezkoa egiten zait, adibidez ,Historia ikasten jartzea”.

Etxetik lanean
Online plataformetara igotzen dizkiete egin beharreko lanak eta horretarako behar duten materiala. "Etxetik ari gara lanean, baina ez da berdina. Bat-batean lan pila bat dauzkagu, eskolan egiten genituenak baino gehiago ziurrenik. Zalantzaren bat edukiz gero, ordenagailu bidez argitu behar izaten dute, eta zailagoa da. Bakarrik gaude etxean; ikastetxean gaudenean errazagoa da azalpenak ulertzea: ikasleen artean berba egiten dugu (horrek psikologikoki asko laguntzen du), eta irakasleak ere hor ditugu. Baina saiatzen gara ahal dena egiten», diote.

Saioa Candelas Aldatze ikastetxeko ikasleak ere berdin pentsatzen du: "Irakasleek etengabe bidaltzen dizkigute lanak eta oso denbora laburrean egin behar ditugu. Eurek, aldiz, denbora gehiago ematen dute gure lanak zuzentzen edo gure zalantzei erantzuten. Eta oso arduratuta gaude orandik ez dugulako oso argi azken ebaluaketa nola baloratuko duten. Hori bai, azken nota jartzeko, lehenenengo bi ebaluaketetan egin genuena oso kontuan hartuko dutela esan dute, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dit. Gure alde daukagun gauza bat irakasleekin daukagun konfidantza da. Gure kasuan, aspaldi ezagutzen ditugu eta eurekin dugun harremana oso estua da. Online ikastea esperientzia guztiz berria izan da guretzat. Ez geunden ohituta, eta ez da erraza".

Klasera bueltatuko gara?
Hezkuntza Sailak aurreikusten du, osasun-irizpideek horretarako aukerarik ematen badute, DBHko 4. mailako ikasleak, Batxilergoko bi mailetakoak eta Lanbide Heziketako lehen mailetan daudenak jarduera presentzialera itzuliko direla. Horren gainean galdetu diegu, eta eurentzako onuragarria izango litzatekeela uste dute. "Modu horretan gure bizitza berreskuratuko genuke, gure ikasketetan gehiago zentratuko ginateke eta hain garrantzitsuak diren harremanak berreskuratuko genituzke".

Normaltasuna amets
Une txarretatik ondorio positiboak atera dituzte. Saioak lasai egoteko eta gustoko dituen gauzak egiteko aprobetxatu du, marrazteko, esate baterako. Garazi errutinara bueltatzeko desiatzen dago: “Lehen beti ibiltzen nintzen agobiatuta (klaseak, eskolaz kanpokoak, musika…), baina orain nire egunekotasunaren falta sumatzen dut, eta bizitza normala egiteko desiatzen nago”.