Errigora-ren kanpainarako eskaerak azaroaren 4ra arte jasoko dituzte

Errigora-ren kanpainarako eskaerak azaroaren 4ra arte jasoko dituzte
2017/10/27 eta kitto!
Atzo hasi ziren eskaerak jasotzen eta, interesa daukatenek, azaroaren 4ra arte izango dute kanpaina honetarako prestatu dituzten kontserba-loteak (zuria edo beltza, aukeran) erosteko aukera. Eskaerak internet bidez (www.errigora.eus helbidean) jasoko dituzte eta, horrez gain, Eibarren LAB sindikatuaren egoitzan eta hainbat tabernetan ere eskaera egiteko aukera  izango da. Saskiak jasotzeko eguna, berriz, abenduaren 4a (astelehena) izango da eta lote-bila Untzagako jubilatu etxera joan beharko da, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Errigoraren helburu nagusia da "Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun". Gainera, Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa eman nahi zaio,  "herrigintza, auzolana,  eta nazio-eraikuntza bultzatuz".