Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrolak egingo dituzte Aste Santuko joan-etorriak eragozteko

Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrolak egingo dituzte Aste Santuko joan-etorriak eragozteko
2020/04/07 eta kitto!

Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrol bereziak egingo dituzte bihartik hasita (asteazkena) errepide eta garraio-geltokietan, Aste Santuko egunetan joan-etorriak kontrolatzeko. Kontrolen helburua Euskadiko eta Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragoztea da, alarma-egoeran herritar guztien osasuna bermatzearren. Ertzaintzatik adierazi dutenez, "konfinamendu-neurriak ez betetzea Herritarren Segurtasunerako Legea urratzea da, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izan daiteke eta kasu larrietan hortik gorakoa". Gogoratu dutenez, "une hauetan pertsonek, funtsean, baimendutako lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik. Debekatuta daude oporretako edo aisialdiko joan-etorriak, eta konfinamendua ohiko bizilekuan bete behar da".


Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango du, besteak beste, osasun publikoarekin, segurtasunarekin edo trafikoaren arintasunarekin zerikusia duten arrazoiengatik, edo ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatu dezake adierazitako arrazoiak direla-eta. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei.


JOAN-ETORRIEI BURUZ


Ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al da oinez edo autoan zirkulatu ahal izateko?
Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea. (Eusko Jaurlaritzak (Irekia) ziurtagiri horren eredu bat eman du, baina horren antzeko beste eredu batzuek ere balio dute).




Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da eta zalantzarik sortuz gero, egin beharreko egiaztapenak egingo dira.


 Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?
Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:
a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.
b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatek.
c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
d) Ohiko bizilekura itzultzeko.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
f) Finantza- eta aseguru-erakundeetara edo notariotzetara joateko.
g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
h) Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.


 Oinez egiten diren desplazamendu horiek banaka egin beharko dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada. Hala ere, desplazamenduak ahalik eta gehien mugatu behar dira.