Esklabutzaren inguruko hitzaldia emango dute bihar: “Eibarko kaleetan esklabuak ibili ziren”

Esklabutzaren inguruko hitzaldia emango dute bihar: “Eibarko kaleetan esklabuak ibili ziren”
2023/03/20 eta kitto!
Oscar Alvarez Gila Historian doktoreak eta Amerikako Historiako irakasleak esklabutzaren inguruko hitzaldia eskainiko du Institutuan, Eibar BHIk hala eskatuta eta Ego Ibarra batzordeak antolatuta. Hitzaldia euskaraz emango da eta, herritarren batek joan nahi badu, ikastetxera deitu behar da (943 899 262) lekua hartzeko.

Ego Ibarrak Alvarezen berbak jaso ditu bere webgunean: “Gure egungo gizarteko arrazismoaren oinarria ulertzeko, esklabutzarekin egin behar dugu topo. Mendeetan zehar oso ohikoa izan zen gizaki batzuk beste gizaki batzuen jabetza izatea. XVI. eta XIX, mendeen arteko esklabutzari buruz hitz egingo dugu, batez ere Ameriketan garatzen dena. Funtsezko galderei emango diegu erantzuna: nola, zergatik, zenbat… Eta, azkenean, zergatik bukatu zen. Esklabutzari buruz pentsatzen dugunean, burura etortzen zaizkigun irudiek urruneko tokietara eramaten gaituzte. Baina esklabutzak hemen ere bere oihartzunak utzi zituen. Baita Eibarren ere. Alde batetik, eibartar asko esklabuen salerosketan parte hartu eta aberastu ziren. Bestetik, gezurra badirudi ere, Eibarko kaleetan ere esklabuak ibili ziren”.