Eskolaren esparruan kirol inklusibo eta egokitua indartzeko hasi da lanean EIbarko Udala

Eskolaren esparruan kirol inklusibo eta egokitua indartzeko hasi da lanean EIbarko Udala
2021/06/16 eta kitto!


Eibarko Udaleko ordezkariak kirol egokituaren eta inklusiboaren hainbat ordezkarirekin bildu dira duela egun batzuk, eskola-kirolaren arloan premia bereziak dituzten haurren guraso batzuek hala eskatu ondoren, Eibarren arlo horretan atzemandako beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta konponbideak koordinatzeko.


Bilera horretan, aipatutako guraso horiez gain, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Ander Curiel Kiroletako zinegotzia egon ziren. Bestalde, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, Eneko García Multikirolak-eko ordezkaria, eta Ander Romarate Eibar KE Fundazioak futbol inklusibo eta egokituaren esparruan duen programaren ordezkaria han izan ziren ere.


Hala, beharrezkoak diren premisak zehazten hasi dira Eibarren kirol egokitua eta inklusiboa eskolaren esparruan indartzeko, eta, aldi berean horretan aritzeko erraztasunak emateko, kirola egiteko eskubidea bermatu dadin eta edozein bazterketa mota saihesteko helburuz.


Horren harira, Joan Iraola alkateak zera esan du: “inklusio osoa lortzea prozesu luze bat izango da, baina, aldi berean, beharrezkoa, zeren eta gaur egungo ereduak ez ditu premia bereziak dituzten pertsona guztiak hartzen. Eta hauxe gaineratu du: “formazioa behar da monitoreentzat eta baliabide ekonomiko gehiago. Badira herri batzuk alor horretan aurrerapen handiak egin dituztenak, eta hori da jarraitu nahi dugun bidea”.


Hala, lehen bilera honen ondoren, beste bat egingo da uztailean, non mahai gainean jarriko diren Kirol Egokituen Federazioaren lehen proposamenak, eta ibilbide-orri bat ezarriko den Eibarko eskola-kirola egokitua eta inklusiboagoa izan dadin.