Etxeetan oraindik ezin direla familia edo lagunarteko festa edo topaketarik egin zehaztu du Jaurlaritzak

Etxeetan oraindik ezin direla familia edo lagunarteko festa edo topaketarik egin zehaztu du Jaurlaritzak
2020/05/11 eta kitto!
Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak ohartarazi duenez, EAEko deseskaladaren 1. fasean ezin da familia- edo lagun-festarik egin etxeetan, eta ezin da txokoetara, elkarteetara edo gazteen lonjetara joan, oraindik ere gizartearen urruntzeari eutsi behar zaiolako COVID-19a ez kutsatzeko.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Beltran de Herediak "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" eskatu du, "Birusa zabaltzeko arriskua gutxitzeko", eta mugikortasuna ahalik eta gehien murriztu behar dela ohartarazi du.

Azaldu duenez,  etxeetan talde txikiekin kontaktu soziala egon daiteke eta udalerri barruko senideak bisitatu daitezke, edo beste batera igaro, adineko, mendeko edo arriskuko pertsonak artatzeko bada, baina oraindik ezin da festarik egin etxeetan, ezta txokoetan edo elkarteetan bilerarik egin ere.

10 lagunetik gorako bilerak ere ez daude baimenduta kalean, eta gazteak "kirola egiteko aurki daitezke, betiere distantziak mantentzen badituzte, baina ez plaza edo parke batean, ezta gazteen lonja batean ere".