Euskaraldiak hizkuntza jokaerak nabarmen astindu zituela dio Soziolinguistika Klusterraren ikerketak

Euskaraldiak hizkuntza jokaerak nabarmen astindu zituela dio Soziolinguistika Klusterraren ikerketak
ETA KITTO 2019, Ira 16

Gaur aurkeztu duten Euskaraldiaren inguruko ikerketaren arabera, Euskaraldiak iraun zituen 11 egunetan “nabarmen astindu” ziren parte hartzaileen hizkuntza ohiturak eta, era berean, “proportzio altuan eutsi zitzaien” aldaketa horiei hiru hilabete beranduago. Soziolinguistika Klusterrak azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa egin du  ikerketa osatzeko, Euskaraldiko parte-hartzaileei hiru galdetegi eginez (lehena Euskaraldiaren aurretik, bigarrena amaitu berritan eta azkena ariketa amaitu eta hiru hilabetera).

Hauek dira ikerketaren ondorioz nagusiak:

1- Parte-hartzaileek neurri handian bete dituzte eskatutako eginkizunak.

2- Parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldiak bukatu eta hiru hilabetera ere.

3- Hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek; euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek; eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek.

4- Aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprest-entzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran. Baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira.

5- Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian

6- Txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobizi-ek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko

7- Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du.

8- Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori.

9- Zailtasunik handienak hiru alderdi hauetan egon dira: a) Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu. b) Ele biko elkarrizketari luze eusteko (nahiz eta aurrerapauso interesgarriak ikusi diren). c) Solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera (asertiboa) egitekorakoan deseroso samar sentitu da parte-hartzaile asko, bereziki belarriprest zereginean ibilitakoak.

 

Hemen irakurri dezakezue ikerketaren txostena.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »