“Gailurra zain dugu” aurkeztuko du Gure Eskuk gaur arratsaldean Kultun

“Gailurra zain dugu” aurkeztuko du Gure Eskuk gaur arratsaldean Kultun
2021/11/17 10:20
eta kitto!
Gure Eskuk batzar irekiak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat eskualdetan eta Debabarreneko lehena Eibarren izango da gaur, 19:00etan Arrate Kultur Elkartean. Bertan egongo dira Anartz Goia eta Jexux Olaziregi zuzendaritzako kideak, esku artean daukaten “Gailurra zain dugu” ekimenaren berri emateko prest. Adierazi dutenez, “izotza urtzen hasi da. Har dezagun bidea. Gure bidea. Orain arte ibilitakoa. Eta goazen toki berrietara. Orain arte iritsi ez garen tokietara. Bidea ibiliz egiten da. Gure esku dago!”.

Elkartasunetik elkarlanera. Sintoniatik sinkroniara. ANC, Omnium Cultural, FEEC, Artistes de la República eta Gure Eskuk indarrak batu dituzte 2022ko uztailaren 2an Pirinioetako Bidea egiteko. Ekimenaren aurkezpena uztailean egin zuten eta, orduan esan zutena gogora ekarrita, “Pirinioetako Bidea 2022 ekimena mobilizazio berezia izango da, arrazoi askorengatik. Lehenik, Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra delako. Mobilizazio ikusgarria izango da, aldarrikapena eta natura uztartuko dituena, baita zailtasuna eta edertasuna ere. Gure proposamena ezberdina eta bakarra da: mobilizazioa izateaz gain, dimentsio handiko ekintza artistiko bat izango da ere, paisaia, argiaren magia eta kultura bateratuz. Erronka kolektibo handi bat izango da mobilizazio hau, jakinik antolakuntza eta sinkronizazio ahalegin handia eskatuko duela. Zein da gure erronka? Pirinioetako ehunka gailur argiztatzea, aldi berean. Gure helburua 400 gailur baino gehiago argiztatzea da, Pirinio osoan, Higer lurmuturretik Creuseraino”.

400 gailur argiztatzea

Aurkezpen egunean Aiako Harria eta Pedraforca argiztatu zuten bezala, datorren urtean, 2022ko uztailaren 2an, 400dik gora gailur argiztatuko dituzte, Pirinioetako luzerako 430 kilometroetan, mutur batetik bestera zeharkatuko duen argi lerro bat sortuz, Mediterraneoa eta Atlantikoa elkar lotuz. Diotenez, “giza kate argitsua sortuko dugu, askatasun nahiak eta burujabetza osoko asmoak dituzten herritarrak elkartuz eta batuz. Parte hartzea ardatz duen mobilizazioa da, baina mendien zailtasun teknikoen arabera neurriratuta izango da. Maila ezberdinetako erronkak izango dira: batzuk, mendizale talde eskarmentatuentzat soilik, eta beste batzuk, ordea, mendizale mota guztientzat. Ingurumenarekiko begirunea funtsezkoa izango da proiektu honetan. Horregatik, parte hartzeko orduan, izena emateko sistema bat egongo da, masifikazioa saiheste aldera. Milaka une magiko izango dituen mobilizazioa osatuko dugu, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria”.

Mobilizazio eusko-katalan bateratu honen bidez, “burujabetzako bidean elkarlanean aritu eta indarrak batzeko konpromiso herritarra” nabarmendu nahi dituzte. Eta, horrekin batera, nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi dute, “herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko kausa justuari begira, harresiak bota eta irtenbide demokratikoak irekitzen lagundu gaitzan Pirinioetatik mundu osora”.