Gaur hasi da Greziako errefuxiatuei jaten emateko Zaporeak-en erronka solidarioa

Gaur hasi da Greziako errefuxiatuei jaten emateko Zaporeak-en erronka solidarioa
2022/04/21 eta kitto!
Zaporeak elkarteak Greziako errefuxiatuentzat janaria bilduk
du aurten ere, gaur bertan Debabarrenean abiatu den kanpainan. Aurrekoetan bezala, oraingo honetan ere herri bakoitzean produktu konkretu bat batuko dute, herritarren laguntzarekin: Eibarren pardina dilista jasoko da, Ermuan eta Deban grano biribileko arroza, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta Mallabian eta Soraluzen hodi erako makarroia.

Aurtengo erronkan 2021ean batutakoa gainditu nahi da eta, hori lortzeko, enpresa, ikastetxe eta bestelako kolektiboak zein herritarrak apirilaren 29ra arte egingo den bilketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Denon ahaleginarekin bete nahi den helburua zehatza bezain argia da: Lesbosen dauden errefuxiatuei jateko zerbait eskaintzea, gutxienez egunean behin otordu duin bat egiteko aukera izan dezaten.Baina, horretaako, herritarren laguntasuna ezinbestekoa da: “Egun bakar batean 300 kilo lekale, pasta edo arroz behar dituzte sukaldean aritzen diren boluntarioek, errefuxiatuei otordu bana eman ahal izateko, eta horri fruta, barazki eta okel-ongailuak gehitu behar zaizkio”.

Urtetik urtera geroz eta janari gehiago biltzea lortzen duen ekimena bi lagunen arteko apustuarekin, Jesus Gonzalez eta Mireia Alonsoren arteko desafioarekin, hasi zen: baietz bakoitzak bere herrian (Ermuan eta Eibarren) 1.000 kilo janari bildu. Hori izan zen elkarri botatako desafioa eta biek lortu zuten “askorengatik gainditzea, gainera”.

Mallabia, Elgoibar, Ermua eta Eibarrek osatu zuten iazko taldea eta, guztira, 8 tona janari biltzea lortu zen. Horrez gain, ia 9.000 euro batu ziren dirutan. Janari eta diru guztia Greziara, Lesbos irlara bidaltzen da. Horrelakoei esker, han dauden Zaporeak-eko boluntarioek 3.000 lagunentzat jatekoa prestatzen dute egunero eta, gainera, jendeak emandako diruarekin, errefuxiatuen artean banatzeko esnea (7.000 litro astean) eta fruta (2.500 kilo astean) erosten dute.

Tuper solidarioa Errebal Plazan

Janaria biltzeko kanpaina ixteko, bestalde, “Tuper solidarioa” izeneko ekimena egingo da apirilaren 30ean, Errebal Plazan, 14:00etatik 15:00etara: tuperraren erdiak lentejak bakailaoarekin izango du, beste erdiak arroza Lumagorrire- kin eta, fruta pieza batekin batera, 5 eurotan erosi ahal izango da, gero etxean jateko. Eta, aipatutakoaz gain, diruz laguntzeko aukera ere badago, Caixabank-eko kontu honetan: ES53 2100 2724 8101 0066 3988.