Gaurtik aurrera "Memoriaren Plaza" ekimen ibiltaria izango da Untzagan

Gaurtik aurrera "Memoriaren Plaza" ekimen ibiltaria izango da Untzagan
2016/05/16 eta kitto!
Gaurtik aurrera Untzagak "Memoriaren Plaza" ekimen ibiltaria hartuko du. Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak joan den astean egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez, "helburua azken urteotako gertakarien inguruko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoarekin".

Erakusketa gaur (maiatzak 16), 18:00etan zabalduko dute eta hllaren 22ra arte egongo da bisitan joateko aukera, astegunetan 09:00etatik 20:00etara (15:00etatik 16:00etara izan ezik) eta asteburuan, berriz, 10:00etan zabalduko dute.

Erakusketa guneak hainbat toki izango ditu:
– Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek euren memoria-lekukotzak grabatzeko aukera izango dute.
– Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
– Proiekzio eta debate eremua: hainbat dokumental proiektatuko dira (Eibarko “gerrako umeena” tartean) eta mahai-inguru batzuk egitea aurreikusi dute.
– Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek mezuak hormairudian idazteko aukera izango dute.
Goizez 16-18 urte bitartekoentzat bereziki prestatutako tailerrak egingo dira eta honezgero 230 bat ikaslek parte hartzeko izena eman dutela aurreratu zuten. Astebarruan 09:00etatik 20:00etara zabalduko dute erakusketa (15:00etatik 16:00etara izan ezik) eta asteburuan, berriz, 10:00etatik aurrera egongo da zabalik.
Erakusketaren harira, bestalde, alkate eta alkate-ohiekin “Eibarko memoria hurbila” mahai-ingurua egingo da martitzenean eta eguenean, berriz, Jesus Gutierrez historiagileak Eibarko memoria historikoari buruzko hitzaldia emango du. Biak 19:00etan hasiko dira.

Miguel de los Toyos Eibarko Alkatearen esanetan, "Eibarko udalak urte asko daramatza memoria historikoa lantzen, beti ere gorroto eta mendekutik ihes eginda eta justiziaren eta aitortzaren bidea jorratuta". Horren adibide modura "gerrako umeen" inguruko proiektua eta Arraten iaz zabaldutako Eibarko Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa aipatu zituen.

Aintzane Ezenarrok "udalean ordezkatutako alderdi guztiek proiektua babestearen garrantzia" azpimarratu zuen: "Memoria anitza da, modu subjektiboan jasotakoa eta horren eraikuntzan denon partehartzea beharrezkoa da". Eibartar guztiak erakusketara gonbidatzeko aprobetxatu zuen.