Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak etsipena azaldu du Osasun Sailaren erantzunagatik

Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak etsipena azaldu du Osasun Sailaren erantzunagatik
2020/05/18 eta kitto!
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Gobernu Batzordeak bere etsipena adierazi nahi izan du jendaurrean, eguaztenean Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko beste arduradun batzuekin Gasteizen izandako bileraren ondoren. COEGIk azken asteetan egin dituen eskaera zehatzen aurrean, tartean erizaintza arriskuko lanbidetzat jotzearen ingurukoa, erantzunik ez egoteaz gain, ez dute lortu Covid-19arekin kutsatu diren erizainen datuak ematea eta babesteko material egokiaren planifikazioa zehaztea. Horrez gain, Covid-19a berriz agertuko balitz, jarraitu beharreko estrategian “definizio falta” ikusi zutela gaineratu dute.

Pilar Lekuona COEGIko lehendakariak azpimarratu duenez, “Gipuzkoan kutsatutako erizainen kopuruari buruzko daturik ez digute eman, behin eta berriro eskatu dugun arren. Izan ere, Elkargo Profesionala garen heinean, gure betebeharra da Gipuzkoan lanean ari diren erizainen segurtasuna zaintzea. Iturri ofizialen informazio fidagarria eta kontrastatua behar dugu”. Horrekin batera, “sarritan saiatu arren, Elkargoak ez daki zein izango den Sailaren planifikazioa (horrelakorik baldin badago) osasun arloko profesionalak babesteko material egokien hornidurari dagokionez”.

Salatu dutenez, “COEGIren susmoa da, orain arte gertatu den bezala, Covid-19aren pandemiari erantzutea bezalako erronka garrantzitsuei aurre egiteko garaian Osasun Sailak Elkargo Profesionalak kontuan hartu gabe jarraituko duela”. COEGIk berriro adierazi du une oro laguntzeko prest dagoela, “Gipuzkoan kolegiatuta dauden eta gaitzari lehen lerroan erantzuten ari zaizkion 5.400 erizain baino gehiagoren ordezkaria den neurrian”.

Ildo horretan, COEGIk Osasun Sailari eskatzen dio elkargo profesional sanitarioak kontuan har ditzala Covid-19aren agerraldi berri posibleen aurreko estrategia planifikatzeko garaian: “Hemen denok bat egiteko eta laguntzeko gaude. Ontzi batean denok elkarrekin goaz”, adierazi du Pilar Lekuonak.