GNAT Zinemaren eskutik bihar “Lo que el pulpo me enseñó” film dokumentala ikusteko aukera egongo da Coliseo antzokian

GNAT Zinemaren eskutik bihar “Lo que el pulpo me enseñó” film dokumentala ikusteko aukera egongo da Coliseo antzokian
2022/05/11 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eskutik eta Udalak lagunduta,  II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia egingo da Eibarren eta, horri lotuta, bi film proiektatuko dira GNAT Zinemaren barruan: bihar (maiatzak 12) “Lo que el pulpo me enseñó” eta maiatzaren 19an “The magnitude of all things”. Bi proiekzioak Coliseo antzokian eskainiko dira, 19:00etan, eta sarrerak doakoak izango dira.

“Lo que el pulpo me enseñó” filmak dokumental onenaren Oscar saria lortu zuen 2021ean; hain zuzen, zinemagile baten eta Hegoafrikako alga-baso batean bizi den olagarro baten arteko adiskidetasunaren istorioa da. Craig Foster zuzendaria zinemagile eta dokumentalista hegoafrikarra da, eta baita ere ozeanoak babestera bideratutako “Sea Change Project”  fundazioaren sortzailea. Dokumentalean, bere munduko misterioak partekatzen dituzten bitartean, animalia horrek erakutsi dion guztia kontatzen du zuzendariak.

“The magnitude of all things” dokumentalak Jennifer Abbott zuzendariaren istorioa kontatzen du, eta paralelismo sinbolikoa egiten du minbiziaren ondoriozko bere ahizparen heriotzaren eta aldaketa klimatikoaren larritasunarekiko kontzientzia sakonaren artean. Jennifer Abbottek, Sundance eta Genie zinemaldietan sarituak, 25 urte daramatza gizarte, politika eta ingurumenaren inguruko bere kezkak azaltzen.  Proiekzioaren ondoren, hitzaldia izango da Laura Vozmediano psikologoarekin, EHUko Ingurumen Kriminologiako eta Psikologia Kriminaleko irakaslea.