Gripearen aurkako txertoa herritar guztientzat erabilgarri dagoela adierazi du Osakidetzak

Gripearen aurkako txertoa herritar guztientzat erabilgarri dagoela adierazi du Osakidetzak
2021/12/09 10:27
eta kitto!
Osakidetzak gogorarazi du abenduaren amaierara arte har daitekeela gripearen aurka txertatzeko hitzordua. Gainera, herritarrak txertatzera animatu ditu, txertoa baita osasunean konplikazioei aurrea hartzeko modurik onena. Horretarako, bi bide erabil daitezke: Osakidetzaren web-orriaren bitartez edo osasun-zentrora telefonoz deitzen. Deitzean telefono-lokuzio bat entzungo duzue, eta “2” tekla sakatu beharko duzue hitzordua eman diezazueten.

Orain arte 508.500 txerto jarri dira, 2019an baino % 45 gehiago, baina 2020an baino % 6 gutxiago. Urte hori salbuespenezkoa izan zen pandemiaren ondorioz.

Kanpainaren hasieran arrisku-taldeen txertaketa lehenetsi bazen ere, hots, 65 urtetik gorako pertsonena, gaixotasun kronikoren bat dutenena edo emakume haurdunena, joan den azaroaren 15az geroztik herritar guztiei zabaldu zaie gonbidapena. Nahi duen orori jarriko zaio gripearen aurkako txertoa. Izan ere, orain arte txertoa jarri zaienen % 17,5 ez dira izan arrisku-taldetakoak.

Gogora ekarri behar da, gainera, kanpainaren hasieran 70 urtetik gorakoei aukera eskaini zitzaiela gripearen aurkako txertoaren aldi berean jartzeko COVID-19aren kontrako txertoaren oroitzapen-dosia, baldin eta bigarren dosia hartu zutenetik sei hilabete igaro baziren. Horiek horrela, 70 urtetik gorakoen % 44k aukera baliatzea erabaki dute, eta bi dosiak batera jarri dizkiete.