Haurraren garapenerako zentrua dogu Eibarren

Haurraren garapenerako zentrua dogu Eibarren
2012/09/14 00:00
eta kitto!

"Haurren egunerokuan ahalik eta errendimendu onena lortzia ahalbidetzen  dogu”, diosku Ainara Larrañaga Garatu zentruko arduradunak. Terapia okupazionalaz arduratzen da bera eta, diplomatura sozio-sanitario horrekin, gehixenbat “aspektu motorren gaiñian jarduten dot, prozesamentu sensorialeko eta haurraren autonomian sakonduz”. Aurretik lau urte egin dittu Larrañagak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuko Berritzegunen eta baitta zentru pribatuetan.
Berarekin osatzen dabe Garaturen lan-taldia fisioterapeuta batek (“Neurologian espezializatua da bera eta arlo motorikoaz arduratzen da, batez be”) eta neuro-psikologuak (“azken honek aspektu kognitibuak,  emozionalak eta sozialak lantzen dittu”). Euren talde-lanian arazo desbardiñak tratatzen dittue: “Dislexia izan leike, autismua, garun paralisia... eta baitta autonomia falta: esaterako, esfinterrak kontrolatzen ez dittuzten haurren kasuak, eurak bakarrik  janzten asmatzen ez dabenak”. Kasu guztietan behaketa egiñ eta zein prozesu abiarazi ikertzen dabe.
Atenziño arazua
Azken aldixan gehixen demandatzen detsen zerbitzuen artian, “atenziñuaren arazua dago, batez be eskolatik bideratutakua. Baloraziñua egitterakuan, baiña, kontuan izan bihar da kasu danak ez dirala
TDH deitzen diranak (Trastorno del Déficit de Atención e Hiper-actividad etaratako siglak)”. Aittatutako arreta-gabezixa eta hiper-aktibidade hori bide egokixaguetatik eruateko, “Osakidetzak eskintzen daben bidia dago, medikaziñuarena, eta geuria, zentratuagua”.
Haurraren garapenerako arluan gabezixa haundixa nabaritzen dau terapia okupazionaleko arduradunak: “Hamen ez dakagu beste herri batzuetako posibilidaderik, oiñ arte gutxi landu dalako. Sistema sanitarixo eta edukatibo integratuaguak biharko zittuan gure gizartiak, legeztatutako zerbitzuak eta programak eskintzeko. Gabezia haundixa dago Hezkuntzan bertan eta gizarte zerbitzuetako arluak be lagata daka esparru hau”.
Oiñ arte esandakuarekin, ez da arrarua egitten guraso asko galduta ibiltzia holako kasuetan: “Informaziño gitxi dago. Ekipo terapeutikorik bez; gehixago jotzen da bide farmakologikotik. Ez da disziplinen arteko lanik apenas egitten”.
Gipuzkuan, esaterako, eurena da, estilo horretako zentru bakarra eta Larrañaga aretxabaletarrari,  astelehenetik barixakura egitten daben lanetik aparte, “astebukaeratan tratamendu intensibuak eskintzera” behartzen detse: “Probintziako zein puntutik datorren, Eibar oso eskura ez dake-eta askok”.
Zailtasunetako bat “umiak berandu ekartziarena” izan leike. Berak diñuanez, “kasuaren arabera bada be, progresiñua eta hobekuntza danak nabaritzen dabe, hasieratik gaiñera”. Onartzen dau, halanda be, holako prozesuak “luze jotzen” dabela. Zerbitzuak be desbardiñak dira: gaitasun sozialak tratatzen dira gehixago nerabien artian, esaterako. Sexuen arteko desbardintasunik ez dau egitten, “idazketan-eta mutillak zeozertxo arazo gehixago izan baleikie be”. Alimentaziño arazuak daken “desnutriduak” be atenditzen dittue: “Badira umiak bost elikagai besterik jaten ez dabenak. Holako kasuak soluziñua eskatzen dabe”. Sesiño intensibuenak ordu eta erditik ez dira pasatzen.
Hainbat tratamendu
Tratamendu indibidualekin (terapia okupazionala, fisioterapia, neuropsikologia) batera, talde-tratamenduak be eskintzen dabe Garatun: idazketa lantzeko, gaitasun sozialak, autonomia edo jolasa, “beharren arabera”. Ikastolak be asesoratzen dittue, curriculumian zelan egokittu esanez eta, haurren zailtasunen aurrian, parte-hartzia hobetzeko. Kursuak be emoten dittue ikastetxietan, gurasueri zuzendutakuak eta blog-a dake, profesionaleri eskindutakua eta lagungarri izan leikiena. “Interbentzio goiztiarrak abantaillak besterik ez daka, margen gehixago be eskintzen desku-eta”.
Bere kabuz aurrera Ana Aranberri eibartarraren bigarren umiak txikixa, baiña garun paralisisa daka:  "Maillak dagoz hor eta berak gitxi daka, baiña lan asko egin bihar izan dogu halanda-be”. Berak be nabarittu zeban zerbitzu eta informaziño faltia, baiña beldurrak alde batera laga zittuan: “Nire izaeria izango da igual, baiña galdetzen hasi nintzan, irakortzen informaziño billa... Eta Aspacen eta Diputaziñuan
aurkittu neban laguntasuna. Aspacen logopeda, fisioterapeutia, psikologua... dake laguntzeko prest eta han erakutsitakua gero nire kabuz ipiñi neban praktikan etxian. Horrek asko laguntzen dau eta umia martxan ipintzen dozu”.
Arlo horretan, Aranberrik ez dau baztertzerik nahi gurasuen elkarren arteko laguntasun mailla: “Batez be, amen artian izan genduana. Bakotxaren inpresiñuak jasotziak alkar ulertzeko lagungarrixa da oso. Holan baztertzen dozu benetan iñork ulertzen ez deutsun sensaziño hori: modu batian edo bestian, ume berezixak diralako”. Asko eskertzen dau erakundien laguntza eta zerbitzu bereziena, “etxian zuk bakarrik ezin dittuzunak konpondu”. Ezagutzen ez badau be, eskertzen dau holako zerbitzu bat Eibarren izatia: “Donostiara edo Bilbora juan biharrak egunerokotasunian asko nekatzen dabelako eta famelixak aukera
gehixago izateko”.