Herriko balkoi dotoreenak sarituko dituzte. Izenematea maiatzaren 15ean amaituko da

Herriko balkoi dotoreenak sarituko dituzte. Izenematea maiatzaren 15ean amaituko da
2018/05/07 eta kitto!
Herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Eibarko Udalak Debegesa Garapen Agentziarekin elkarlanean. Lehiaketa eibartarrentzako da eta Eibarko “ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea” du helburu. Lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, eta maiatzaren 15ean egongo da horretarako aukera Pegoran, etxe guztietara banatu den inprimakia bete ondoren. Inprimakia udal webgunean ere eskuragarri egongo da. Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.
Landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortu eta, bide batez, herritarren artean landareak zaintzeko ohitura zabaldu nahi dute antolatzaileek. Sariei dagokienez, herri mailako bi sari izango dira, 150 eurokoa bakoitza, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 200 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan. Baldintzetan azaltzen denez, “balkoi edo leiho ederrena sarituko da; horretarako, landare edo lore biziak erabiliko dira apaingarritzat, eta kaletik ikusteko aukera izan beharko du epaimahaiak”. Parte-hartzaileek balkoiak eta leihoak edertzeko aukera izango dute, betiere ingurua errespetatuz (auzokideak, kalea…) eta segurtasuna bermatuz. Epaimahaiak konposizioaren originaltasuna eta sormenaz gain, diseinua, konplexutasuna eta apainketaren kalitatea eta harmonia baloratuko ditu.
Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 70 84 08 telefonora dei dezakete edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi. Gainera, lehiaketaren oinarriak udal webgunearen Ingurumena atalean eskuragarri izango dituzte. Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu parte hartzen duten balkoi eta leihoak, lore apainketa ederrenak saritzeko. Eibarren ez ezik, Deban, Elgoibarren eta Ermuan ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.