Herritar biziekin basoak bizi

Herritar biziekin basoak bizi
2021/10/22 10:53
eta kitto!
Eibarko Baso Biziak elkarteak urtebete darama herriko basoak babesten eta, denbora asko ez den arren, erakundeak hainbat lorpen izan ditu. Herria mobilizatzeaz, pedagogia egiteaz eta ingurunea babesteko kontzientzia hedatzeaz gain, inguruko mendietan gertatzen diharduen aldaketari alternatibak bilatu dizkio, Eibarko basoak berreskuratzeko eta kontserbatzeko asmoz.

 

Aurreko domekan 60 lagun inguru bildu zituen Eibarko Baso Biziak plataformak ‘Eibarko basoak ezagutuz’ ekintzaren barruan. Izenak dioen bezala, inguruko mendietan zehar ibili ziren gure naturak eskaintzen digunaz gozatzeko eta, batez ere, jabetzeko. “Uste dugu herri mailan basoen inguruko pedagogia landu behar dela. Izan ere, logika erabiliz gero, ezagutzen ez duzuna ez duzu maitatuko”, esan digu Amagoia Gomez Eibarko Baso Biziak elkarteko kideak.

Domekako ekintzan zenbait familiak hartu zuen parte, baina izan ziren ume barik joandako helduak ere. Goizean goiz jarri ziren martxan, 09:30ak bueltan, eta Untzagatik Sakun ingurura jo zuten lehenik. Egitasmoaren helburuetako bat ezkurrak biltzea, gordetzea eta ernatzea zen, haritzaren bizi-zikloa nolakoa den ezagutzeko eta prozesu horretan ezkurrak nolako garrantzia duen jakiteko. Beraz, Sakunen bertan ezkurrak jasotzen hasi ziren eta bidean zehar gaztainak ere bildu zituzten.

Handik Arrazolako baserrira jo zuten eta geldialdia egin zuten bertan, haritzaren bizi-zikloa zein den azaltzeko, eta gero Sosolara abiatu ziren, Amañatik Untzagara jaitsi aurretik. “Untzagan beste azalpen bat eman genuen, eta ezkurrak eta gaztainak pote txikietan landatu genituen mendian hartutako lurrarekin eta substratuarekin”, azaldu digu Gomezek. “Gero, hozitutako ezkurrak bote horretatik beste ontzi handiago batzuetara pasa beharko ditugu eta, hor urtebete egon eta gero, landarea irten ondoren, helburua da Eibar inguruko mendietan landatzea hurrengo urtean (hau da, 2023an)”. 300 hazi inguru landatu zituzten eta familiek etxera eraman zituzten horietako batzuk.

 

Natur elkartea

Eibarko Baso Biziak iaz sortu zen, inguruko mendietan landatzen ari ziren eukalipto zuhaitzen inguruan gizartean sortutako egonezinaren ondorioz. “Ikusten genuen eukaliptoa landatzen hasi zirela pinua ordezkatzeko, eta kontua da eukaliptoa ez dela Euskal Herriko zuhaitza eta, lurra pobretzeaz gain, bestelako arazoak sortzen dituela: biodibertsitatearen galera, ur eskasia, matarrasak (arraseko mozketak) maiz sortzea…”, kontatu digu Gomezek. izaBeraz, inguruko basoak berreskuratzea eta kontserbatzea da gure helburua. Biodibertsitatea zainduz, errekak osasuntsu mantenduz eta, ondorioz, gure bizi-kalitatea hobetuz”, gehitzen du. Izan ere, elkartea, eukaliptoaren gaiaren harira sortu arren, zerbait gehiago da. “Natur elkartea gara”, diosku.

Domekako ekintza pedagogikoaz gain, elkarteak beste zenbait egitasmo jarri ditu martxan azken urtean. “Umeekin ekintzak egitea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, beraiek ikusiko baitituzte orain landatutako zuhaitzak hazten eta eurek gozatuko dituzte etorkizuneko Eibarko baso biziak”, esan digu Gomezek. Horrela, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, apirilean ‘Monolaborantzen ingurumen-eraginak eta alternatibak’ izeneko hitzaldia eskaini zuten Coliseo antzokian. “Arrakastatsua izan zen, COVID-19ari aurre egiteko neurriak indarrean egon arren, 100 lagun inguru batu ginelako”, diosku elkarteko kideak.

Maiatzean Matsariatik gora erreka garbiketa egin zuten eta 50 lagun inguru ibili ziren ekintza horretan. Bestetik, gurasoek eta umeek Santa Kurutz inguruko basoa ezagutzeko irteera antolatu zuten eta, gunea garbitzeaz gain, hango zuhaitz batzuk identifikatu zituzten. Eta ekainean, azkenik, eskola batean Eibarko Baso Biziak elkartearen inguruko hitzaldia eskaini zuten.

 

Talde-lan ezberdinak

Elkarteak 25 kide ditu lanean eta 90 bazkide inguru daude Eibarren, baina gehiago dira. Izan ere, Eibarko taldeak Soraluzen sortu zen elkartean izan zuen inspirazioa eta, hemengoaren atzetik, Amurrion, Bergaran eta beste zenbait herritan taldeak sortu ziren. Horrela, ekainean Baso Biziak izeneko plataforma sortu zen, Euskal Herriko kolektibo ezberdinak batuz, tartean Eibarko Baso Biziak. “Elkarlana ezinbestekoa da”, Gomezen ustez.

Eibarko Baso Biziak erakundeko 25 kideak lan-talde ezberdinetan banatzen dira. Talde pedagogikoa dago (ekintzak antolatzen dituena), komunikazio taldea (prentsa oharrak idazten dituena, sare sozialetaz arduratzen dena, eta hedabideekin eta herritarrekin harremana duena), talde ekonomikoa (diru kontuez arduratzen dena) eta harremanez arduratzen den taldea. “Udalarekin, lur-jabeekin, baserritarrekin… berba egin behar dugu eta hortaz arduratzen da azken talde hau”, azaldu digu Gomezek.

Elkarteak harreman ona du Udalarekin. “Badirudi elkarlana posible dela”, euren ustez, “baina egia da Udalaren gauzak asko moteltzen direla eta lurrak erosteko orduan lehenbailehen erostea komeni da, eukalipto landaketak egiten dituztenak (Guriezoko enpresa bat, Kantabriakoa) segidan jartzen direlako harremanetan lur-jabeekin lurrak erosteko”, kontatu digunez. Beraz, elkartea tentuz ibili behar da, salmentei adi.

Erakunde publikoekin harremanak dituzten bezala, lur-jabe eta baserritarrekin ere hartu-emanean dabiltza natura elkartekoak. Ez dute inoren aurka joan nahi, alde guztiekin harreman ona izatea da euren asmoa, eta proposamen bat landu dute lur-jabeei eskaintzeko. “Baso bizia deitzen duguna”, dio Gomezek. “Hau da, basoa bere horretan lagatzea eta ea zer irteten den. Hasieran, sasia irtengo da, denetatik, baina segida-ekologiko normal batean sasi hori usteldu egingo da, organikoa sortuko litzateke eta, horrela, baso berria. Adibidez, Txontatik gora igoz gero, San Salbador inguruan depositoa zegoen tokian bertako basoa ari da irteten. Berez lagatzen baduzu, denborarekin, bertako basoa sortzen da”, gehitzen du.

Hori da kontua, denbora. “Badakigu aukera horrek lur-jabeei ez diela onura ekonomikorik emango, baina Errez kooperatibak etekin ekonomikoa ematen duen kudeaketa jasangarri bat planteatzen du eta guk hori proposatzen dugu. Haritza eta pagoa landatuz etekin ekonomikoa atera dezakezula dio kooperatibak. Hau da, aukera ez dela eukaliptoa landatzea edo bestela ezer, badaudela aukera gehiago”, argitu digu Gomezek.

 

Baso bizien aukerak

Natur elkarte eibartarreko kideak oso motibatuta eta gogotsu daude ekintzak burutzeko. “Denon artean lortuko dugu Eibar biziago bat eraikitzea!”, dio ozen elkarteak. Horretarako, hitzaldiak, erreka garbiketak, baso- eta erreka-ekosistemak ezagutzeko eta aztertzeko ekintzak, lurren erosketak eta kustodiak, eta beste hainbat ekintza egiten jarraituko dute.

Hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa izango da bazkideen laguntza eta, norbaiti proiektua erakargarri egiten bazaio, eibarkobasobiziak@gmail.com helbidera idatzi dezake. Gainera, naturari buruzko informazioa jasotzen duen buletin bat argitaratzen dute aldizka.

Eibarko kasu zehatza albo batera lagata eta Euskal Herri mailan lan egiten duen Baso Biziak plataformarekin bat eginez, ekitaldi berezia egingo dute azaroaren 27an, zapatuan, Irungo Txingudi BHIn, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara. ‘Baso bizien aukerak’ da jardunaldiaren izenburua eta hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dira bertan eta, parte hartu nahi izanez gero, aurretik izena eman beharko da basobiziakplataforma@gmail.com helbidean.

 

EST - 2021-10-17 - 00064 EST - 2021-10-17 - 00155 EST - 2021-10-17 - 00145